Atzealdea 12 eta 16 urteko gazteei zuzendutako Kultura Eskola programan parte hartzeko azken egunak
2024/09/12
Gipuzkoako Foru Aldundiak Kultura Departamentuaren bitartez jakinarazi duenez, irailaren 24ra arte egongo da irekita 2024-2025 ikasturterako Kultura Eskola programako laguntzen deialdian eskaerak aurkezteko epea. Programa horren helburu nagusia da Gipuzkoako ikasleei kulturarako sarbide unibertsala bermatzea, artearekiko sentsibilizazioa piztu eta artea balioesten ikas dezaten.
Goizane Alvarez Irijoa Kultura diputatua: “12 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako gazteentzako kulturarako sarbide unibertsala bilatzen du Kultura Eskolak. Gazteak kulturarekin eta artearekin lotzea ezinbestekoa da, baldin eta balioetan oinarritutako gizarte kritikoa lortu nahi badugu. Gainera, sektorean enplegua sortzeko aukera bat da”.
Kultura Eskola programak kalitate handiko jarduera artistiko eta kulturalak sartzen ditu eskola jardunaldian. Horrela, ikasleek adierazpen kultural eta artistiko ezberdinen ulermen zabalagoa garatzea lortu nahi da, bizipen horiek hezkuntza helburuetan txertatzeko. Ekimenak honek publiko berriak sortzea ere bilatzen du, esperientziak lurraldeko udalerri guztietan udalek eta elkarteek programatzen dituzten kultur proposamenetan parte hartzera bultza dezan.
Guztira, 508.477,50 euroko aurrekontua bideratuko da deialdi honetara, Gipuzkoako ikastetxe publiko zein pribatuetako jarduera artistiko-kulturalak diruz laguntzeko.
2023-2024 ikasturtean 83 ikastetxek parte hartu zuten, 41 publikok eta 42 pribatuk. Eskolek eta kultur eragileek oso positiboki ebaluatu zuten programa. 782 saio edo ikuskizun egin ziren eta, horretarako, 339 kontratu sinatu ziren. Horietatik 92 antzerkikoak izan dira, 72 musikakoak, 68 ikusizko arteetakoak, 40 dantzakoak, 27 ondarekoak, 26 literaturakoak eta 14 ikus-entzunezkoetakoak.
Eskabideak aurkezteko epea uda osoan egon da zabalik, eta 2024ko irailaren 24an amaituko da. Eskabideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.
Dirulaguntzak 2024-2025 ikasturtean zehar kultura jardueren programa espezifiko bat garatu nahi duten ikastetxeei daude zuzenduta. Proiektuak indarrean dagoen Kultura Eskolako katalogotik hatutatu behar dira, eta ikastetxeek beraiek kudeatu eta antolatuko dituzte. Dirulaguntzen zenbatekoa eskabideen ebazpena baino lehen handitu ahal izango da, baldin eta aurrekontuak horretarako aukera ematen badu.
Ikastetxe eskatzaileek oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta eskatutako dokumentazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, horretarako izendatutako organo kudeatzailearen bidez, eskaerak baliozkotu, eta ikastetxe bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatuko du. Dirulaguntzak Kultura diputatuaren foru ebazpen bidez ebatzi eta ordainduko dira.
Informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko dirulaguntzen ataria kontsulta dezakete: https://egoitza.gipuzkoa.eus
Jarraitu gure sareak