Atzealdea Martxan da 2022-2023 ikasturteko TREBAgazteak prestakuntza-eskaintza

18-30 urte bitarteko adina duten gazteek aukera izango dute lurraldeko 18 udalerritara iritsiko diren ikastaroetan parte hartzeko.

2022/10/28



 

Dagoeneko martxan da TREBAgazteak programaren 2022-2023ko eskaintza. Horrekin Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak jarraipena emango dio Gipuzkoako 18-30 urte bitarteko gazteei eskaintzen dien prestakuntza-ekimenari.

TREBAgazteak programaren asmoa da 18-30 urte bitarteko gazteei beren ahalduntze-prozesuan lagunduko dien prestakuntza-eskaintza da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gaztegune Plus zerbitzuaren baitan antolatua. Ikastaroen programa gazteekin batera diseinatu zen focus group metodologia erabiliz, eta 50 gazte baino gehiagoren iritzia kontuan hartu zen. Horren emaitza dira gazteentzako interesgarriak eta beharrezkoak diren gai ezberdinei buruzko ikastaro labur hauek.

Joan den ikasturtean 12 izan ziren antolatutako ikastaroak eta Aldundiko Gaztegunen emandakoez gain, Gipuzkoako 4 udalerritara iritsi zen TREBAgazteak programa. Oraingoan 18 udalerrietara zabalduko da eskaintza eta 25-30 ikastaro egingo dira guztira; beraz, ikastaroak bikoiztu egin dira eta udalerrien kopurua hirukoiztu.

Gazteek beraiek aitortzen dutenez, askotan, hezkuntza formaletik at, gabezia edo hutsune nabarmenak dituzte bizitzan moldatzeko oinarrizko gaitasunetan, eta horiek funtsezkoak dira bizitzako etapa honek bereizgarri dituen aldaketei aurre egiteko eta erabakiak hartzeko.

Horretaz jabeturik, 2021eko martxoan Foru Erakundeak abian jarri zuen TREBA(gazteak), Gipuzkoako gazte bakoitzaren balizko hezkuntza-hutsune horiek betetzeko. Egitasmoaren barruan gazteentzat interesgarriak diren gai desberdinei buruzko ikastaro laburrak antolatzen dira, gazteen emantzipazioko, garapeneko eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortu eta finkatzeko asmoz.

 

Balorazio positiboa

Iaz programan parte hartu zuten gazteek oso balorazio ona egin zuten, 9,1eko gogobetetze-maila izan zuen batez beste. Gaurkotasun handiko gaiak modu ez formalean lantzeko aukera izatea nabarmendu eta eskertu zuten eta, etorkizunera begira, denbora gehiago eskatu zuten gaietan sakontzeko. Udalek ere oso ondo baloratu zuten TREBAgazteak saioak gauzatu ahal izateko Aldundiarekin izandako elkarlana.

Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan ikastaroetako bat Gipuzkoangazte webgunean ikasgela birtual baten bidez egiteko aukera izango da. Proiektu pilotua izango da eta, oraingoz, ikastaro bakarra eskainiko da modalitate honetan. Emaitzetan oinarrituta, ikastaroen kopurua handitzea izango da etorkizuneko erronka.

Gaiei dagokienez, gehiago eta askotarikoak jorratuko dira. Edizio honetan, zehazki: edertasun-kanonak, adimen emozionala, osasun mentala, sexualitatea, feminismoa, gaitasun kritikoak, adikzioak, suizidioa, etxeko ekonomia, antzerki komunitarioa, argazkilaritza terapeutikoa edo ekologia, besteak beste. Trebakuntza-jarduera gehienak 3 ordu inguruko formatu laburrean egingo dira; eta aurrez aurrekoari garrantzia emango zaio.

Lehenengo ikastaroan izena emateko epea irekita dago. Adimen emozionalari buruz izango da, azaroaren 4an arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara Zegamako Kultur Etxean. Norberaren emozioak identifikatzeko eta horiek modu egokian kudeatzeko estrategia ezberdinak ikasiko dira. Izan ere, gaur egungo gizartean aritzeko eta, orokorrean, gure bizitza ahalik eta egokien garatzeko, ezinbestekoa da gure burua ezagutu eta gure emozioak kudeatzen jakitea.

  Hitzaldi eta tailerren katalogoa, hemen!

 

 

Jarraitu gure sareak