Atzealdea Zabalik da Gazteak Auzolanean programan parte-hartzeko epea!

Programa honek gazteei proiektu kolektiboak garatzeko laguntza eskaintzen die. Hautatutako egitasmo bakoitzak 1.500 eta 5.000€ arteko dirulaguntza jasoko du. 18 eta 30 urte bitarteko gazteek urriaren 25era arte aurkeztu ditzakete haien proiektuak.

2024/10/11


Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gazteak Auzolanean dirulaguntza-programaren edizio berri bat martxan jarri du. Helburua da proiektu kolektibo bat sortu eta garatu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei babesa ematea.

Gazteek, gizartean eragin positiboa izan dezakeen ideia batetik abiatuta, ondoko gaiei buruzko proiektu bat sortu beharko dute: artea, kultura, ingurumenaren zaintza, jasangarritasuna, genero-berdintasuna, euskara, kulturartekotasuna, elkartasuna, eta gizarte edo komunitatearen eraberritze-proiektuak.

Dirulaguntza hauen hartzaileak dira gizarte-eraldaketako prozesuak bultzatu eta ingurunea inplikatuko duen proiektu kolektibo bat sortu eta garatu nahi duten gazteak. GFAko Gazteria Zuzendaritzaren programa honek, gazteen parte-hartzea bultzatzeaz gain, haien jarrera sortzailea eta ekintzailea sustatzen du, gazteak beraien herri eta hirietako eragile aktibo bihurtuz.

Hautatutako ekimenei, diruz laguntzeaz gain, beharrezko laguntza teknikoa eskainiko zaie lansaio eta jarraipen-tutoretzen bitartez. Hala, gazteek buruan duten ideia hori proiektu bihurtzen lagunduko zaie.

2023an, proiektu berritzaile eta kolaboratibo ugari garatu dira Gipuzkoako hainbat herritan, espazio publikoak berrerabiltzetik sormena, gizarte-kohesioa eta gazteen ekintzailetza sustatzeraino. Nabarmendutako proiektuetako bat Jalgi hadi plazara da Donostian, hirigintza taktikoan inspiratuta, Jose Maria Sert plaza aldi baterako komunitatearentzako gune inklusiboago eta irisgarriago bihurtu zuena, belaunaldien arteko erabilera eta lotura komunitarioen sorrera sustatzeari garrantzi berezia emanez.

Aurten, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailak 25.000 euroko dirulaguntza onartu du Gazteak Auzolanean programarako. Eskabideak urriaren 25era arte aurkeztu ahal izango dira, dagokien dokumentazioarekin batera. Aurkeztutako proiektu guztietatik 5 aukeratuko dira, eta horietako bakoitzak 1.500 € eta 5.000 € arteko laguntza jasoko du proiektua 2024ko azaroaren eta 2025eko ekaina bitartean garatu ahal izateko.

 

Baldintzak

Aurreko urteetan bezala, hauek izango dira parte hartzeko baldintzak:

  • 18-30 urteko pertsonek osatutako talde bat izatea (gutxienez, 3 lagun).
  • Irabazi-asmorik gabeko proiektua burutzea.
  • Egitasmoa urtebetean garatzea (2025ko ekainaren 30era arte).
  • Proiektua honako arlo batean edo batzuetan kokatuta egotea:
    • Egitasmo artistikoak edota kultural-komunitarioak.
    • Ingurunaren zaintza eta jasangarritasuna oinarri dutenak.
    • Genero-berdintasuna, euskara, kulturartekotasuna, elkartasuna eta beste alorretan oinarritutako gizarte edo komunitatearen eraberritze-proiektuak.

 

Zortzi urte gizartea eraldatzeko proiektuak sustatzen

Zortzi urte dira Gazteak Auzolanean programa martxan jarri zenetik eta ordutik hona, 26 proiektu garatu dira laguntza hauei esker. Websailak, euskarazko musika-taldeen kontzertuak, ikus-entzunezko film laburrak, sentsibilizazio-topaketak, zeinu-mintzairaren dibulgazio-saioak, antzerki soziala eta komunitarioa, online hezkuntza-laguntzako proiektuak... Aurreko urteetan garatutako proiektuak ezagutu ditzakezu hemen.

 

2024ko deialdia

Gazteak Auzolaneaneko Webgunea

 

 

 

Jarraitu gure sareak