Atzealdea Erasmus Days 2024, Erasmus + programak eskaintzen dituen aukerak zabaltzeko astea
2024/10/15
Erasmus+ programak Europa osoko gazteei eskaintzen dizkien aukerak eta inpaktua ikusarazteko astean gaude, Erasmus Days astean. Europar Batasunaren ekimen honek aukerak eskaintzen dizkio astialdi eta aisialdi hezigarriaren arloari ere. Erasmus + programak aukera ugari ematen ditu parte hartze proiektuak garatzea, gazteen arteko trukeak, gazteria arloko langileen mugikotasuna edo topaketak Europa osoan garatzea besteak beste.
GFAko Gazteria Zuzendaritzako GaztegunePlus taldeak urteak daramatza Gipuzkoako gazteria arloko profesionalen sarean, Gaztematikan, mugikortasun trukeak eta topaketak sustatzen, programa horrek eskaintzen dituen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Programa honi esker, gazteak eta gazteriako profesionalak beren trebetasun profesionalak hobetu eta, funtsezkoak diren beste gaitasunak (pertsonalak, sozialak eta kulturalak) garatzen dituzte.
2016tik, 13 proiektu egin dira lurraldeko 12 udalekin batera, batzuk trukeak izan dira eta beste batzuk topaketak. Hainbat gai landu dira, besteak beste: teknologien erabilera, jasangarritasuna, hizkuntza gutxituak, kultura-aniztasuna, berrikuntza... Azken urte honetan, zehazki, bi proiektu burutu dira: elkartruke bat (Mental health and wellfare) eta topaketa bat (Nesken eskubideak).
Trukea bi egonalditan egin zen, lehena apirilaren 1etik 7ra Hondarribian (Gipuzkoan) eta bestea Wiesbadenen (Alemanian) abuztuaren 19tik 25era. Ordiziako eta Wiesbadengo 14 eta 15 urte bitarteko gazteek parte hartu zuten hezitzaileekin batera, eta bi aste horietan osasun mentalaren eta ongizatearen inguruan lan egin zuten. Autozaintzan eta autoezagutzan zentratu ziren batez ere, hainbat dinamika eginez eta parte-hartzaileen ongizate emozionalari lagunduz.
Bigarren proiektua egunotan, urriaren 12tik 20ra, Wroclawen (Polonia) garatzen ari den topaketa da. Aretxabaletako (Gipuzkoa), Jerusalemgo (Palestina), Wroclawko (Polonia), Nilüfer (Turkia) eta Wiesbadengo (Alemania) 40 emakume gazte eta hezitzaile lanean ari dira nesken eta gazteen eskubideen inguruan. Urriaren 11ko Nesken Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuta, neskek munduan eta herrialde parte-hartzaile bakoitzean dituzten eskubideak aztertzen ari dira.
Trukeen eta gazte-topaketen bidez, parte hartzen dutenek herrialde berriak esploratu, beste kulturak ezagutu eta nazioarteko adiskidetasun eta lankidetza-sareak osatzeko aukera dute. Horrelako jarduerek tolerantzia, errespetua eta lankidetza sustatzen dituzte, eta Europako identitate kohesionatuagoa sortzen laguntzen dute. Erasmus Days erakusleiho gisa hartuta, Europako gazteek Erasmus+ ekimenak eskaintzen dituen aukera anitzak bertatik bertara ezagutzeko aukera dute, etorkizunean ezberdintasuna eragin dezaketen esperientzia, ezagutza eta aukera berriei irekitako atea.
Jarraitu gure sareak