Atzealdea Gipuzkoan Gazte Tour ekimena hemen da berriz ere, eskaintza kultural zirraragarri eta zabalarekin

Noan, Udaz eta Ayvee musikariek lideratuko dute Gipuzkoan Gazte Tourreko karteldegia Eibarren

2024/10/16



Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Sailak eta Eibarko Udalak Gipuzkoan Gazte Tour 2024 ekimenaren udazkeneko programazioaren 2. edizioa aurkeztu dute prentsaurrekoan. Musikaren eta arte eszenikoen inguruko ekimen hau, Gipuzkoako gazte eta nerabeentzako kultura-erreferente bihurtu dena, probintziako hainbat herrirekin elkarlanean egingo da. Udazkeneko bigarren hitzordua Eibarren izango da, urriaren 26an (larunbata).

Isaac Palencia Aldundiko Kultura Sustapen eta Gazteriako zuzendaria, Jon Iraola Eibarko alkatea  eta Andoni Zabala Kultura eta Gazteriako zinegotzia izan dira prentsaurrekoan. Palenciak zera esan du: “Gure helburua da Gipuzkoako gazteen esku jartzea haien jakin-minak eta gustuak islatzen dituzten kalitatezko kontzertuak, lehen mailako kultura-esperientziak eskainita. Beren talentua balioan jartzen duen ekimen baten parte sentitzea nahi dugu, eta, era berean, sormenez garatzeko aukera emango dien espazio bat eskaini.

Bestalde, Jon Iraola Eibarko alkatea pozik agertu da, eta eskerrak eman dizkio Aldundiari eskainitako aukera honengatik.  “Ekimen honen bidez,  gure kultura-eskaintza aberasteaz gain, gure hiriak kulturarekiko duen konpromisoa indartu ere egingo da. Osatu dugun programa zabal hau Eibar kultura-erreferente izan dadin egiten dugun ahalegin kolektiboaren lekuko da”

Gipuzkoan Gazte Tour gazteentzako ekimena, hasiera-hasieratik haiek sortutakoa,  Gipuzkoako 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzako gune nagusia izan da. Aurten, gainera, programak tailer pedagogikoak berreskuratuko ditu, parte hartzen duten herrietako gazteria sailek gehien eskatzen duten jardueretako bat baita. Edizioaren barruan masterclass delakoak egongo dira, baita gazteen talentua eta sormena sustatzera begirako jarduerak ere.

Tokiko kultura eta gazteen talentua bultzatuz, Gipuzkoan Gazte Tour ekimena funtsezkoa izan da bai hastapenetan dauden artistak sustatzeko, bai tokiko talenturako espazioak sortzeko. Gipuzkoako belaunaldi berriei ahotsa eta ikusgarritasuna emateko konpromiso gisa, artista gazteei kontsolidatutako artistekin agertokia partekatzeko aukera eskaintzen die, eta hori da, hain zuzen ere, bere balio handienetako bat.

Horrez gain, tailer pedagogikoek (rap modalitatea euskaraz eta Oihan Vegarekin egiten den irrati-tailerra, esaterako) genero-berdintasuna, inklusioa eta euskararen erabilera sustatzea dute helburu.

Ekimen honekin, Gazteria Sailak berretsi egiten du kultura-espazio inklusiboak sortzeko duen konpromisoa.  Gune hurbil eta parte-hartzaile horietan gazteek sormen-gaitasunak garatzeko aukera izateaz gain,  kulturarekin bat egiten duten esperientziak bizi ahal izango dituzte.

Zumarragan bezala, Eibarren ere hilaren 26an, goizean, Leire Dallas egongo da, besteak beste, Operación Triunfon dantzan aritutako artista. Emanaldia Ipurua kiroldegian izango da. Arratsaldean musika-programazioari ekingo zaio. Eibarren, kontzertuak Coliseo antzokian egingo dira, eta kartelburu Noan musikaria izango da. Nazio mailako artistarik garrantzitsuenetariko bat da.  Zero km-ko artista gisa, Udazken Salaberri neska gazte eibartarra arituko da. 5 urte zituenez geroztik izan du harremana musikarekin, eta bere sormen-lanengatik da ezaguna.

MASTERCLASS, LEIRE DALLAS

Ordutegia: Urriaren 26an, 11:30ean.

Lekua: Ipurua Kiroldegia

Leire Urquijo (Leire Dallas izen artistikoa duena) Errenterian jaio zen eta gaur egun Madrilen bizi da, orain dela 5 urtetik. UrteEtako esperientzia duen dantzaria izateaz gain, irakaslea eta koreografoa era bada. Gaur egun, koreografia-lanetan dihardu Madrilen “Arima” izeneko lehiaketa-taldean eta baita  “Natalia Lacunza”rekin ere, haren hurrengo tourrean. Dantzaria da, besteak beste, Bad Gyal, Nicki Nicole, Rels B, Aleesha eta Vicco artisten biretan.

Horretaz gain, Operación trinfo 2023 dantza-taldearen parte ere bada.

KONTZERTUAK

Lekua: Coliseo antzokia

Sarrera: 5 €

Ordua: 19:00etatik aurrera

Aurkezlea: AYVEE (Andrea Vitoria)

Txikitatik zuen musikarako zaletasun handia Ayveek eta eskolan koreografiak sortu, abestu eta antzerkia egiten zuen. Hori horrela, 2020ko irailean “Amaitu da” izeneko bere lehen kanta atera zuen. Bere inguruan nahiko oihartzun handia izan zuenez, hainbat elkarrizketa egin zioten irratian, telebistan zein sare sozialetan. Pandemiaren ostean, izugarrizko ezbeharra pairatu zuen, musika sortzen jarraitzea eragotzi ziona; hala ere, prozesu luze baten ondoren sendatu eta, gaur egun, bigarren diskoa kaleratu du, non gertatutakoa salatu eta azaldu egiten duen.

Medusa izeneko diskoa kaleratu ondoren izandako oihartzun mediatikoaren bidez, hainbat eta hainbat emakumerengana iritsi ahal izan da, gertatu zitzaionetik abiatuta.

KM0-ko artista: UDAZ

Musikak beti izan du lekua Udazen bizitzan, izan ere,  amamak eta aitak jotzen zituzten musika-tresnez inguratuta hazi zen.  6 urte zituela hasi zen solfeo-klaseak hartzen, eta urtebetera, 7 urte zituela, gitarra espainiarra jotzen ikasten hasi zen. Solfeo-ikasketak amaitu ondoren, 2022an, bere kantak konposatzen eta sortzen hasi zen. Urte berean, Gaztea Maketa lehiaketara aurkeztu zen, “Hosto Gorria” izenarekin.

2024ko urtarrilaren 4an bere lehen kanta kaleratu zuen, "don't let me go", 14 urterekin sortu eta Gaztea Maketa lehiaketara aurkeztu zuena. Gerora, “Udaz” izen artistikoa hartu zuen, eta, gaur egun, abestiak konposatzen eta sortzen jarraitzen du, haren xedea izanik musika egiten jarraitzea.

Artista nagusia: NOAN

Zarautzen jaio eta Asturiasen bizi den abeslari eta konpositorea da Noan, hainbat musika-tresna jotzen dituena. Dudarik gabe, Noan Espainiako pop-musikaren olatu berriaren promesa handienetako bat da, eta hala baieztatzen dute arrakasta handia izan duten haren lan batzuek, “Me mata” edo “Superpoder” izenekoek, esaterako. Lan horiei esker Espainiako Spotify playlist-aren   50 biralenak izeneko zerrendan sartu zen. Noanek 2000ko urteetako Espainiako pop rock musikatik edan du. Talentuz beteriko mutila da Noan, laster musikaren gailurrean ikusiko duguna.  

 

INFORMAZIO GUZTIA

 

 

 

Jarraitu gure sareak