Atzealdea Gaztematikak, gazteria profesionalen sareak, hasiera eman dio 2024-2025 ikasturteari
2024/10/18
Gaztematika sareko profesionalak Donostiako Gaztegunen bildu dira ikastureko lehenengo foro teknikoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek lurraldeko haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sortutako sare publikoa da Gaztematika.
Isaak Palenciak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendariak, haur, nerabe eta gazteen sustapenerako politikak bultzatzeko aurtengo ildo nagusiak aurkeztu ditu. Bertan, 2024-2025 ikasturterako plan berria aurkeztu da, sarearen hamaseigarrena eta legegintzaldi honetako bigarrena. Planaren helburua haur, nerabe eta gazteen ongizate fisikoa eta emozionala hobetzea da, lurraldean genero-berdintasuna eta aukerak sustatuz.
Plana hiru jarduera-ildo nagusitan oinarritzen da: Lehena, TREBA programaren bidezko prestakuntza. Ohi bezala, nerabe, gazte, familia eta profesionalentzako funtsezko gaiak jorratuko ditu. Bigarren ildoak garrantzi eta pisu handia izango du ikasturte honetan; Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoa, (LOPIVI), eta nagusiki, EAEko Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearekin lotutako ekintzak ezarriko dira, ingurune seguruak eta babesleak sortzeko ahaleginean, batez ere aisia hezitzailearen esparruan. Eta hirugarren ildoa, sareak hainbat urte lantzen daramatzan hainbat gaien jarraipena da, besteak beste, Erasmus+, Gure PlazaTXO!, haurtzaroko indarkeriaren prebentzioa eta begirada kritikoa.
Gazteria Zuzendaritzak gune berri bat prestatu du bere webgunean, "Aisia hezigarria tratu onaren berme" izenekoa, legeek arautzen dutena argitzen laguntzeko, profesionalek haurrak eta nerabeak babesteko mekanismoak abian jar ditzaten. Hau da, webguneak tresna bat izan nahi du zerbitzuak, espazioak eta jarduerak egokitzeko, babesleak eta tratu onekoak izan daitezen, eta aldaketa sakona eta iraunkorra eragiten hasteko.
Foro teknikoak Pere Tarrés Fundazioaren aisialdi hezitzaileari eta ekintza soziokulturalari buruzko katedraren hitzaldia ere izan du, online bidez. Azken urteetan egin dituzten ikerketetan oinarrituta, tratu on eta ingurune seguru eta babesleei buruzko hainbat hausnarketa eta ondorio jorratu dituzte, baita administrazio publikoak gai honetan duen garrantzia eta zeregina ere. Saioa oso baliagarria izan da gazteria-arloko teknikarientzat.
Bertaratutako profesionalek plan estrategikoaren ezarpenean aurrera egiteko eta planteatutako erronkak lortzeko zeharka lan egiteko konpromisoarekin amaitu dute foroa.
Jarraitu gure sareak