Atzealdea Udalekuak eta Gazte Oporraldiak arrakastaz amaitu dira Gipuzkoako 1.422 haur eta nerabek parte hartu dutelarik

Familiek oso ondo baloratu dituzte Gazteria Zuzendaritzaren udako programak: Udalekuek 8,7ko nota jaso dute eta Gazte Oporraldiek 8,5ekoa

2024/11/06



Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak antolatutako udako Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programak balantze positiboarekin amaitu dira, aurtengo udan 1.422 parte-hartzaile bildu ondoren. Programa horiek haur eta nerabeentzat dira, eta udan ikasteko, elkarrekin bizitzeko eta aisialdi osasungarrirako gune gisa duten garrantzia berretsi dute. Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie udalei izena emateko prozesuan laguntzeagatik, oso eragingarria baita haien parte hartzea.


Bi programen ebaluazio orokorra oso ona izan da. 7 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako Udalekuak programan 1.049 haurrek hartu dute parte, eta familiek 8,7ko batez besteko nota eman diote esperientziari. Gainerakoak 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Oporraldiak programan izan dira, eta honek 8,5 puntu lortu ditu.

 

Esperientziaz beteriko uda

Bi programa horiek dibertsioa, ikaskuntza eta garapen pertsonala uztartzen dituzte, eta aurten ere erreferentzia izaten jarraitu dute Gipuzkoako gaztetxoentzat, udan aisialdia aberasgarria gozatzeko aukera emanez. Programak leku ezberdinetan garatu dira, Gipuzkoan zein beste erkidego batzuetan; hala, parte-hartzaileek leku berriak ezagutzeko aukera izan dute. Aisialdia hezigarriko eta abenturako hainbat jardueraren bidez, haur eta nerabeen autonomia eta bizikidetza indartu dira, ingurune bakoitzeko kultura-ohituren eta baliabideen ezagutza sustatu, eta aisialdi eta gozamenerako inguruneetan ere euskararen erabilera bultzatu da.

 

 

 

Jarraitu gure sareak