Atzealdea Haurren irribarrea, denon ardura!
2024/11/20
Azaroaren 20an Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. 1989ko data horretan Nazio Batuek Haurren Eskubideen Hitzarmena onartu zuten. Aurten, aurreko urteetan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin nahi du egun horretako aldarrikapenekin, haurrak berezko eskubideak dituzten subjektuak direla gogoraraziz.
Haurrak eta nerabeak nazioarteko itunek aitortzen dituzten eskubide eta askatasunen titular dira, eskubideen subjektu dira. Beraz, haien eskubideak eta ongizatea gure erabakien eta esku-hartzeen erdigunean jartzera behartuta gaude.
Mundu osoko haurrentzat lortutako aurrerapenak ospatzeaz gain, egun horren helburuak dira haien eskubideak ezagutaraztea, egoera zaurgarrian daudenen egoeraz ohartaraztea, eta gizartea sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Baita haien ongizatearen eta garapenaren alde egunero lan egiteak duen garrantzia azpimarratzea ere.
Ildo horretan, 2024an EAEko Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legea sartu da indarrean, gure inguruneko haur eta nerabeen ongizateari eta babesari zuzenean eragiten diona; eta funtsezko zeregina esleitzen dio hezkuntza ez formalari. Hau da, gure arloan jada egiten dugun lanaren balioa azpimarratzera dator, aisia hezigarriko jardueretan parte hartzea ezinbestekoa baita haurren eta nerabeen sozializazio-prozesurako, bizitzarako funtsezkoak diren gaitasunak, jarrerak eta trebetasunak eskuratzea ahalbidetzen dielako.
Legearen arabera, gainera, haur eta nerabeenganako tratu onean oinarritutako kultura komunitate osoak ulertu eta bermatu behar du, noiznahi eta nonahi, adingabeen bizitzako eremu guztietan. Hori horrela, aurtengoan, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna baliatuz, Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak kanpaina bat martxan jarri du, Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapenerako sarearekin (Gaztematika) batera, mezu hori zabaltzeko: “Haurren irribarrea, denon ardura! Babestuta eta seguru sentitzeko eskubidea dutelako”.
Gazteria Zuzendaritzak urteak daramatza ildo horretan lanean. Aurten ere Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Atalak hainbat konpromiso hartu ditu haurren eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta ingurune seguruen, babesleen eta tratu onekoen politikak garatzeko.
Horregatik, 2024-2025 ikasturteko planak gai hau izango du ardatz eta hainbat jarduketa garatuko dira, besteak beste: ingurune seguruen, babesleen eta tratu onekoen politikei buruzko sentsibilizazio-ekintzak; Gipuzkoako haur eta nerabeen zerbitzuetako arduradun politiko, teknikari eta hezitzaileentzako gaiari buruzko prestakuntza (TREBAprofesionalak); udal-teknikarientzako aholkularitza; familientzako laguntza eta aholkularitza (TREBAgurasoak); eta harreman, informazio eta komunikaziorako tresnen (HIKT) erabilera arduratsua sustatzeko kultura digitala programa.
Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren webgunean (www.gipuzkoangazte.eus) atal berri bat sortu dugu ingurune seguruen, babesleen eta tratu onekoen gaia lantzen jarraitzeko eta helburu hori duten profesional eta eragileei zeregin horretan laguntzeko asmoz.
Hain zuzen ere, haurren eta nerabeen eskubideak bermatu eta indarkeriaren aurrean babesteko, behar-beharrezkoa da guztiok parte hartzea (familia, hezkuntza, kirola eta aisia, arlo digitala, esku-hartze soziala, babes-sistema, osasuna…).
“Haurren irribarrea, denon ardura! Babestuta eta seguru sentitzeko eskubidea dutelako”
Jarraitu gure sareak