Atzealdea Aretxabaletako neska gazteek Erasmus+ topaketa batean parte hartu zuten Polonian, emakumeen eskubideen inguruan lan eginez
2024/11/27
Wroclawko (Polonia) egoitzan "Women's rights 2024" topaketa egin zen urriaren 12tik 20ra, Erasmus+ programaren barruan, Nesken Nazioarteko Egunaren harira (urriak 11). Elkarretaratzean Wroclaw udalerritik bertatik, Wiesbadenetik (Alemania) eta Aretxabaletatik (Gipuzkoa) etorritako emakumeek parte hartu zuten, 6 neskaz osatutako taldeetan, leku bakoitzeko bi hezitzailerekin batera. Palestina eta Turkiako emakumeek ere parte hartzea aurreikusita zegoen, baina azkenean ezin izan zuten topaketara joan.
Egonaldian zehar parte-hartzaileek emakumeen eskubideekin eta ahalduntzearekin lotutako funtsezko gaiak landu zituzten, emakume gazteek beren herrialdeetan dituzten erronkei eta errealitateei buruzko kulturen arteko elkarrizketa eta esperientzia-trukea sustatuz. Wroclaw hiria, mendiak eta ingurunea, tokiko kultura... ezagutzeko aukera ere izan zuten, baita haien artean elkar ezagutzeko eta konexio-lotura berriak ezartzeko ere.
Aretxabaletako taldeak GFAko Gazteria Zuzendaritzaren GaztegunePlus zerbitzuaren aholkularitza eta laguntza jaso du prozesu osoan zehar. Izan ere, azken urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ERASMUS+ programak gazteria-arloan eskaintzen dituen aukerak sustatu nahi izan ditu lurraldeko gazteriako profesionalen sarean (Gaztematika). Ildo horretan, bideo bat prestatu du programaren berri emateko:
Aretxabaletako hezitzaileetako batek bere esperientzia kontatu digu elkarrizketa honetan:
Nolakoa izan da nerabeek bizitako esperientzia? Nola bueltatu dira Aretxabaletara?
Izugarria izan da nerabeek bizi izan duten esperientzia. 6 gazte eta bi hezitzaile elkartu eta Polonian egon gara, eta bidaia bakarrik jada ahaztezina da nerabeentzat; bidaia hutsa baino askoz gehiago izan da.
Benetan aberats egin duena beste herrialde batzuetako neska gazte batzuekin elkartzea izan da. Errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera paregabea eskaini die gazteei programa honek. Alemania eta Polonia gertu izan arren eta Europa izan arren, ezberdintasun asko ditugu, uste duguna baino gehiago. Txoke kulturala eta erlijiosoa handia izan da eta, beraz, alde horretatik asko jaso dute.
Egia da feminismoan herrialde bakoitzak duen ikuspegia oso ezberdina dela; batez ere, Poloniarekin alderatuta. Horrek zailtasunak ekarri dizkugu gaia lantzeko orduan, baina 3-4 tailer interesgarri egin genituen eta gazteak hemendik indartuta eta iritzi kritikoago batekin irten direla esango genuke.
Gazteak eta baita hezitzaileok ere ilusioz eta nostalgiaz bueltatu ginela esango nuke; nekea egun batzuetara etorri zitzaigun. Esperientziaz, irriz eta arriduraz beteta ekarri genuen maleta etxera, gure herrian eragiteko gogoz. Gazteak, esaterako, eskolan duten talde feministan ideia berriak txertatzeko gogoz etorri dira.
Zure ikuspegitik, zer balio du horrelako aukera batek, hau da, gai jakin bat beste herrialdeetako nerabeekin batera lantzeak?
Aurrez aipatu bezela, beste herrialde batzuetako errealitateak mundua ikusteko begirada zabalago bat ematen dizu. Oso “eroso” bizi gara Euskal Herrian (gauza asko aldatzeko daudela jakinda ere), baina, beste errealitate batzuk ezagutu ostean, etxekoa apreziatzen duzu. Eta ez hori bakarrik, etxe barruan ere hainbat kontu aldatzeko ditugula ohartzeko beste perspektiba bat eskaintzen dizu. Eta gu horrekin gelditzen gara, gure zilborretik irten eta gure ingurua aztertzeko beste begirada horrekin, eskaintza eta aukera horrekin.
Zure esperientziatik, zeintzuk dira Erasmus+ programaren indarguneak nerabeen garapenerako (pertsonala, soziala..)? Uste duzu programa honetan parte hartzeak eragina duela nerabeengan?
Lehenik eta behin, esperientzia ahaztezina da. Sortzen dituen emazio guztien (urduritasuna, ardura, irrika, lotsa, beldurra, ilusioa, laguntasuna, babesa, ardura, poza, esplorazioa…) zurrunbiloak ahaztezin bilakatzen du.
Gure hautua gazteengan ardura bat jartzea izan da. Hau da, gazteek tailer bat prestatu zuten feminismoaren inguruan (bete-betean eragiten dieten problematikekin), Polonian egin zena. Oso tailer polita izan zen. Honekin gazteak protagonista sentzitzea lortu genuen, baita ardura bat hartzea ere, programan parte hartzeak inplikazioa eskatzen duela azaldu ondoren. Horrek, gainera, autonomia eta parte-hartze aktiboa garatzen laguntzen die.
Profesional gisa, zer ekarri dizu horrelako esperientzia bat bizitzeak? Etorkizunean errepikatuko zenuke?
Maila profesionalean ederra izan da, 6 gazte autonomo eta ekintzailerekin joateak ere asko erraztu digu bidea. Eta beste herrialde batzuetako hezitzaile/irakasleak ezagutzea aberasgarria izan da, kontu asko partekatu ditugu.
Gainera, gure gazteak gozatzen, esploratzen eta hazten ikustea ere bikaina izan da. Euskal Herritik asko dugu emateko eta garrantzitsua da gure presentzia horrelako topaketetan. Emateko dugun bezala, jasotzeko eta ikasteko ere asko dugu. Beraz, noski, etorkizunean errepikatzeko moduko esperientzia bat da, inolako zalantzarik gabe.
Proiektua antolatzeko orduan baliagarria izan al zaizue Aldundiak Gaztegune+ zerbitzuaren bitartez emandako aholkularitza eta laguntza?
Bai, noski. Kontaktu zuzena izan dugu Gaztegunekoekin. Edozein zalantza beraiekin argitu dugu. Alde horretatik guztia erraza izan da.
Uste duzu horrelako esperientzia interesgarria izan daitekeela beste herrietako nerabe eta hezitzaileentzat? Zergatik?
Bai, aurrez aipatu bezala oso esperientzia interesgarria eta aberatsa izan da. Horrelako esperientziak, gai zehatzetaz hitz egiteko, problematikak azaleratzeko eta aztertzeko… ezinbestekoak dira. Eta aukera polita izan daiteke gazteen ahulduntzea, kritikotasuna eta autonomia lantzeko.
Jarraitu gure sareak