Atzealdea Zabalik urtarrilaren 24ra arte euskarazko film laburren Laburbira 2025 zirkuituan parte hartzeko deialdia
2024/12/18
Laburbira 2025, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariaren 22. edizioa martxoaren 7tik apirilaren 11ra egingo da. Ekitaldi honen helburua da euskaraz sortutako eta ekoizitako zinemari ikusgarritasuna ematea eta euskal zinemagintzaren erakuslehio izatea Euskal Herriko hainbat herritan zehar. Laburbiran parte hartzeko hautatuak diren zuzendariek 1.000 €ko ordainsaria jasoko dute zirkuituan parte hartzeagatik, eta beste 100 € haien lana aurkezten duten solasadi bakoitzeko.
2024an aurkeztutako 25 minutu baino gutxiagoko film laburren sortzaileek eman dezakete izena laburbiraren webgunean, urtarrilaren 24ra arte. Urtarrileko azken astean lan irabazleen lehen aukeraketa egingo da, eta martxoaren 6an aurrestreinaldi bat egingo da Donostiako San Telmo Museoan.
Film labur parte-hartzaileak aukeratzeko hainbat irizpide erabiliko dira, hala nola: publiko guztiarentzako lanak izatea, sortzaile hasiberrien eta ospetsuen arteko oreka, sortzaileen lurralde- eta genero-aniztasuna, genero-ikuspegia eta filmen beste ezaugarri batzuk: euskalkien aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa, besteak beste. Berrikuntza gisa, aurten ikusleek film labur onenari eman ahal izango diote botoa.
Antolatzaileek gogorarazi dute lan konplexua eta garestia dela zinema ekoiztea, eta film laburrak talentu berriak industriara sartzeko bide nagusietako bat direla. Horregatik, Laburbiraren helburua ez da bakarrik lan horiei zabalkundea ematea, baita euskal sektore zinematografikoaren garapena sustatzea ere.
Jarraitu gure sareak