Atzealdea Eremu birtualean ere babestuak eta seguru sentitzeko eskubidea dutelako!
2025/02/11
Internet Seguruaren Eguna, Safer internet Day (#SID2025) Europako Batzordeak sustatutako ekitaldia da. Urtero otsailaren bigarren asteartean ospatzen da eta bere helburua da teknologiaren eta Interneten "erabilera segurua, arduratsua, kritikoa eta sortzailea" sustatzea eta sortzen ari diren gaiei eta gaur egungo kezkei buruz kontzientziatzea.
Aurtengoa 22. edizioa. Leiho berrian irekiko da. izango da, eta mundu osoan ospatuko da hainbat ekintzaren bidez. Aurreko urteetako lema bera erabilita, elkarrekin Internet hobeago baten alde (“Together for a better internet”), mundu osoko herritarrak, batez ere haurrak eta gazteak, ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi dira, denon artean Internet leku seguru eta hobeagoa bihurtzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, beste behin ere, bat egiten du Internet Seguruaren Egunarekin, Sarearen erabilera seguru baten alde lan eginez, batez ere haur zein nerabeen artean. Izan ere, hainbat urte daramatza gai horrekin arduratuta eta konprometituta:
2017. urtean Aldundiak Kultura Digitala programa jarri zuen martxan (www.kulturadigitala.eus webgunearen bidez), alfabetatze, gaitasun eta inklusio digitalak sustatzeko eta sorkuntza eta ekoizpen digitala bultzatzeko. Programa honen helburu nagusia zen teknologien eta Interneten erabilera ona sustatzea; hau da, eremu digitalean ere elkarrekiko errespetua, elkartasuna, ekitatea, tratu ona, indarkeriarik eza, jasangarritasuna eta berdintasuna bezalako balioak bermatzea.
Bestalde, TREBA programan ere kultura digitalak garrantzi handia izan du azken urteotan eta hartzaileen arabera sailkatutako TREBA programako Gazteak, Profesionalak eta Gurasoak ildoetan landu da, hainbat modutan. Aurten, esate baterako, Aldundiak, Haurrak, nerabeak eta Internet, pantailak, bideojokoak, sare sozialak… onurak eta gatazkak. Nola kudeatu? hitzaldia eskainiko die lurraldeko gurasoei. Horren helburua da gurasoek haur eta nerabeen egungo errealitate digitala ulertzea eta zenbait estrategia barneratzea, ingurune horretan bizi daitezkeen egoera gatazkatsuen edota arriskutsuen bitartekari izateko.
Internetek eta teknologiak aldatu egin dituzte harremanak izateko eta komunikatzeko moduak, eta segurtasunarekin lotutako arazoak ere ekarri dituzte. Adingabeen kasuan, bereziki, haien osasun mentalean ere eragina izaten ari direla konturatzen hasiak gara eta, behar horretaz jakitun, hurrengo hilabeteetan Gazteria Zuzendaritzak hainbat hitzaldi eta ikastaro antolatuko ditu seme-alaben autoestimua elikatzeko, pornografiak nerabeen sexualitatean izan dezakeen eragina aztertzeko eta, orokorrean, haur, nerabe eta gazteen osasun mentalaz aritzeko.
Nerabe eta gazteentzako prestakuntza-eskaintzan ere berebiziko garrantzia izango du kultura digitalaren gaiak. Izan ere, lau ikastaro-multzo antolatu dira lau gaien inguruan eta horietako bat begirada kritikoa izango da. Ikastaro horiek sare sozialen erabilera arduratsua, pentsamendu kritikoa, gehiegizko informazioa eta albiste faltsuei buruzko gaiak landuko dituzte.
Era berean, haur, nerabe eta gazteekin lan egiten duten profesionalek ere tresnak behar dituzte beren beharrei erantzun egokia emateko. Hori dela-eta, Aldundiak profesionalentzako eskaintza berezia du; aurten, besteak beste: nerabeen ongizate emozionala, tratu ona eta ingurune seguruak eta babesleak, maskulinitate berdinzaleak… ikastaroak antolatuko ditu. Gainera, martxoan, Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuetako hezitzaileek “nerabeekin begirada kritikoa lantzen” ikastaroan parte hartzeko aukera izango dute.
Horrez gain, www.kulturadigitala.eus webgunean, guraso, hezitzaile zein profesionalentzat baliagarriak izan daitezkeen baliabideak ere aurkitu daitezke: datu eta irudien babesa, esku-hartze birtula eta zibereskubideei buruzkoak. Eta horiekin batera, gai horren inguruko jarduera, berriak eta antolatutako ekimen ugari biltzen eta zabaltzen dira programaren webgunean.
Internet Seguruaren Eguna, aukera paregabea da Sarea eta eremu digitalak ere haur, nerabe eta gazteentzat ingurune seguruak eta tratu onekoak izan behar direla aldarrikatzeko.
Eremu birtualean ere babestuak eta seguru sentitzeko eskubidea dutelako!
Jarraitu gure sareak
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
Webgune honek cookie propio eta hirugarrenenak helburu teknikoarekin erabiltzen ditu nabigazioa baimentzeko, hurrengo sarbideak errazteko eta erabileren estatistikak egiteko. Ez ditu erabiltzaileen datu pertsonalak jasotzen ezta lagatzen.