Atzealdea Martxoak 2, Nerabeen Ongizate Mentalaren Munduko Eguna
2025/02/28
Gazteen osasun mentaleko arazoak sentsibilizatu, ikusarazi eta desestigmatizatzeko xedearekin, urtero, martxoaren 2an, Nerabeen Ongizate Mentalaren Munduko Eguna ospatzen da. Helburu horrekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak aspalditik bultzatzen du osasun mentalaren aldeko estrategia, batez ere TREBA programaren bidez.
Aurten, TREBA profesionalak ildoaren bitartez, gaztelekuetako hezitzaileek bi prestakuntza jaso dituzte: "Nerabeen osasun mentala: portaera suizida ulertuz" eta "Nerabeen osasun mentala: suizidioaren prebentzioa" (...). Bestalde, haur, nerabe eta gazteen sustapeneko teknikariek, martxoaren 13an, Jaume Funesek emandako "Osasun mentala ikuspegi komunitario batetik" prestakuntza jasoko dute online.
Gazteentzako eta nerabeentzako prestakuntzan ere osasun mentalaren gaia jorratuko da 2025ean: hain zuzen ere, "Ongizate emozionala" blokearen bitartez landuko da hainbat ikastarorekin.
Bestalde, gurasotasun postiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoaren bidez gurasoei laguntzeko ildoan, TREBA gurasoak, osasun mentalaren gaia jorratuko da, "Osasun mentala eta nerabeak" eta "Suizidioa prebenitu bizitza sustatzeko" ikastaroaren bidez.
Gazteria Zuzendaritzak osasun mentalaren gaia ez du soilik TREBA prestakuntza-programaren bidez lantzen; gaia oso presente egon da, era berean, 18-30 urte bitarteko gazteek inpaktu sozialeko proiektuak garatzeko dirulaguntzen Gazteak Auzolanean egitasmoan.
Aurtengo edizioan hautatutako bi proiektu osasun mentalaren inguruan ari dira lanean: Barruko dardara, antsietateari eta agorafobiari buruzko film laburra, eta Gazte, emozioen jabe ekimena, Ibarrako gazteen kezka eta beharretatik abiatutako adimen emozionalari eta osasun mentalari buruzko hitzaldiak eta tailerrak.
Gainera, aurten Gipuzkoako eta Esloveniako 18 eta 30 urte bitarteko 26 gaztek Erasmus Plus proiektua garatuko dute: "Youth & Mental Health". Hezkuntza ez-formaleko ekimen honek, ongizate emozionalari eta osasun mentalari buruzko ikasketa- eta hausnarketa-espazioak sortzea bilatzen du.
Proiektua astebeteko bi trukerekin garatuko da:
Gaia bi lurraldeetan nola lantzen den ikasiko dute, eta hitzaldi, tailer eta jarduera praktikoen bidez, parte-hartzaileek funtsezko gaiak landuko dituzte, hala nola autozaintza, asertibitatea, pertsonei laguntzea une zailetan arteak, elikadurak eta kirolak osasun mentalean duten eragina etab.
Hala, proiektu eta ekintza horien guztien bitartez, Gazteria Zuzendaritzak gazteen ongizate emozionalarekiko konpromisoa berresten du, osasun mentalaren inguruko ikaskuntza, elkarrizketa eta ekintzarako espazioak sustatuz.
Jarraitu gure sareak
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
Webgune honek cookie propio eta hirugarrenenak helburu teknikoarekin erabiltzen ditu nabigazioa baimentzeko, hurrengo sarbideak errazteko eta erabileren estatistikak egiteko. Ez ditu erabiltzaileen datu pertsonalak jasotzen ezta lagatzen.