Atzealdea TREBAgazteak: Martxan da “Ekologia gazteen ikuspuntutik” ikastaro birtuala

Aurtengo edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren programa honek gazteei aukera ematen die ekologiari buruzko ikastaroa Gipuzkoangazte webguneko ikasgela birtual bidez egiteko

2023/01/11


Dagoeneko martxan da TREBAgazteak programaren 2022-2023ko eskaintza. Horrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak jarraipena emango dio Gipuzkoako 18-30 urte bitarteko gazteentzako prestakuntza-ekimenari.

Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan aukera izango da ikastaroetako bat Gipuzkoangazte webguneko ikasgela birtual bidez egiteko. Proiektu pilotua da eta, oraingoz, ikastaro bakarra eskainiko da modalitate honetan. Emaitzetan oinarrituta, ikastaroen kopurua handitzea izango da etorkizuneko erronka.

Aukeratutako gaia Ekologia izan da; izan ere, bizi dugun une historikoa erabakigarria da ikuspuntu ekologiko batetik. Horregatik, kolapso ekologikoaren gaiari heltzeko unea iritsi da, baina batzuetan, kezka izan arren, gazteek ez dute gaia nahi adina menperatzen. Hori izan da hain zuzen ere ikastaro hau egiteko arrazoietako bat.


Funtsezkoa da gazteria-alorretik egin daitekeen ekarpena ingurumen- eta gizarte-jasangarritasunaren eta -erantzukizunaren alorretan kontzientziatzeko. Hori horrela, Gazteria Zuzendaritzak berretsi egiten du hartua duen konpromisoa jasangarritasunerako hezkuntza sustatzeko, kalitatezko hezkuntzaren funtsezko elementu gisa. Ikastaroak 5 ordu inguruko iraupena du, baina nahi eran egin daiteke.

Ikastaro honen bitartez, egungo egoera ekosozialaren oinarrizko kontzeptu batzuk landuko dira. Ekologia eta munduaren etorkizuna aztertuko dira, gazte-belaunaldi baten ikuspuntutik. Ekintzailetza ekosozialaz, gizarte-kolapsoaren arriskuaz, jasangarritasunaren bideragarritasunaz eta deshazkundearen aukeraz ere arituko dira ikastaroa egiten dutenak.

Horretarako, ikasgela birtualean izena eman behar da. Ikastaroa aldez aurretik grabatutako 6 bideo (35 minutu guztira) eta sakontzeko hainbat dokumentuz osatuta dago: 2 testu + 3 iritzi-artikulu. Ondoren, galdetegi bat bete beharko da, aukera anitzeko 10 test-galdera, bakoitza bideo edo dokumentu batekin lotutakoa. Galdetegia ondo erantzunez gero, ikastaroa gainditu izanaren agiria jasoko da. Hizkuntzari dagokionez, ikastaroa euskaraz zein gaztelaniaz egin daiteke.

TREBAgazteak programaren asmoa da 18-30 urte bitarteko gazteei beren ahalduntze-prozesuan lagunduko dien prestakuntza eskaintzea; Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gaztegune Plus zerbitzuaren baitan antolatzen du.

Ikastaroen programa gazteekin batera diseinatu zen focus group metodologia erabiliz, eta 50 gazte baino gehiagoren iritzia kontuan hartu zen. Horren emaitza dira gazteentzako interesgarriak eta beharrezkoak diren gai ezberdinei buruzko ikastaro labur hauek.

Izena eman!

Informazio gehiago