Atzealdea Apirilak 17, Gazte Informazioaren Europako Eguna
2023/04/05
Urtero bezala, apirilaren 17an Gazte Informazioaren Europako Eguna (EYID ingelesez) ospatzen da. ERYCAk, Gazte Informazio eta Aholkularitzarako Europako Agentziak sortu zuen ekimen hau. Aurten, egun horretan, gazteek online babesteko behar adina trebetasun izateko duten eskubidea aldarrikatuko da. Ez hori bakarrik, gazte-informazioko profesionalen lana nabarmendu nahi da, haien lana funtsezkoa delako. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuak bat egiten du aldarrikapen horiekin.
2023 Europako trebetasunen urtea da; horregatik, ERYCAren 2023ko kanpainaren helburua da gazteek tresna eta ezagutza gehiago izatea ingurune digitalean hiritar alfabetizatuagoak izan daitezen. Gaur egun gazteak plataforma digitaletan oso murgilduta egon arren, oraindik ez dirudi online babesteko gaitasun eta kontzientzia nahikorik dutenik.
Horregatik, #EYID23 kanpainak gazteak beharrezkoa duten ezagutza lortzea du helburu, ingurunean eta informazioan alfabetizatuagoak izateko. Helburua da online esparruan ematen diren jarduera maltzurrak identifikatzeko gaitasuna eskuratzea eta jarduera horiek ahultzeko baliabideak lortzea. Kanpainak gazte digital zentzudunak, arduratsuak eta zibersegurtasunaren arloko ezagutza-gabeziarik gabekoak lortu nahi ditu.
Kanpainak hiru ekintza izango ditu sare sozialetan, eta hezkuntza ez-formaleko eremuetan gazteek egiteko jarduera-proposamenak ere baditu.
Ezinbestekoa da gazteek informazio fidagarria eta objektiboa eskuratu ahal izatea eta informazio hori aztertu eta erabiltzeko gaitasuna izatea, iritzi arrazoitua osatzeko eta herritar (gazte) ondo informatuak izateko. Oso beharrezkoa da online babestu ahal izateko behar diren baliabideak ere izatea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak urteak daramatza norabide horretan lanean. Duela zenbait urte, Kultura Digitala proiektua bultzatu zuen, besteak beste, gazteen artean erabilera ona eta alfabetatze digitala sustatzeko. Izan ere, beharrezkoa da pertsona guztiek, batez ere gazteenek, online babesten jakitea.
Jarraitu gure sareak