Atzealdea Gaztematika sareak amaiera eman dio 2019-2023 legegintzaldiari

Gipuzkoako 100 profesional inguru ekainaren 15ean elkartu ziren 2022-2023 ikasturteko azken foroan

2023/06/20


 

Gaztematika Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapenerako profesionalak biltzen dituen sare publikoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udal gehienek sortu zuten, lurraldeko haur, nerabe eta gazteei pertsona autonomo gisa, beren biografiak sortzen laguntzeko. Une honetan, lurraldeko 88 udalerrietatik 75 dira Gaztematika sareari atxikita daudenak.

2022-2023 ikasturteari amaiera emateko, ekainaren 15ean udal- eta foru-teknikariak hezitzaileekin batera elkartu ziren Donostian, ikasturte honetako planaren ebaluazioa egin eta, datozen 4 urteei begira, planifikazio berriaren oinarriak eta erronkak zehazteko. Legegintzaldi-aldaketa honekin batera, 2019-2023ko Gaztematikaren ibilbideaz ere aritu ziren eta azken 4 urteotan sarearen jardunbidea izugarri baldintzatu duten gertakariez.

Azken hilabeteotan egindako ebaluazio-prozesutik 2023-2027 aldirako hobekuntza-ideiak atera eta haur, nerabe eta gazteen sustapen-politiketatik landu beharreko gaiak eta erronkak zehaztu ziren. Legegintzaldi berrirako ildo estrategikoak haur, nerabe eta gazteen ongizatea sustatzea, aukera-berdintasuna bultzatzea, haien herritartasun aktiboa erraztea eta parte-hartzea bultzatzea izango dira, besteak beste.

2023-2024 ikasturteko plangintzaren oinarriak elkarlanean eraikitzeko, datozen hilabeteetan plangintza diseinatu, eta hura osatzen duten ekintzak garatuko dira. Lan egiteko modu honi esker, Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen sustapen-arloan lan egiten dutenek norabide berean burutzen dute euren jarduna.

Gaztematika sarea 2008-2009an sortu zen, partaidetzazko prozesu baten bidez; eta ibilbide oparo horretan erreferentzia-esparru orientatzaile eta malgu bat izatea lortu du haur, nerabe eta gazteen alorreko politika publikoetan.

 

 

 

Jarraitu gure sareak