Atzealdea Udalekuak eta Gazte Oporraldiak, Gazteria Zuzendaritzaren udako programak, larunbat honetan hasiko dira

Gipuzkoako 1.400 haur eta nerabe baino gehiagok udako kanpainaz gozatuko dute

2023/06/30


Udalekuak eta Gazte Oporraldiak 2023

 

 

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Saileko Gazteria Zuzendaritzak bere udako programak antolatu ditu aurten ere: Udalekuak eta Gazte Oporraldiak. Egonaldiak larunbat honetan, uztailaren 1ean, hasiko dira eta uztailaren 29ra arte luzatuko dira Udalekuen kasuan, eta abuztuaren 7ra arte Gazte Oporraldietan.

Aurtengo edizioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.431 plaza banatu ditu Gipuzkoako haur eta nerabeek uda honetaz goza dezaten: zehazki, 1.050 plaza Udalekuetarako eta 381 plaza Gazte Oporraldietarako. Gainera, aurreko urteetan bezala, plaza horien % 5 behar bereziak dituzten gazteentzat izan dira.

Udalekuen programa 7 eta 13 urte bitarteko haur eta nerabeentzat da, eta 7 egunez aisia eta abenturako ekintzak egingo dituzte euskaraz edo elebitan. Hiru Foru Aldundiak arduratzen dira antolaketaz; beraz, Gipuzkoako parte-hartzaileek esperientzia Arabako eta Bizkaiko neska-mutilekin batera biziko dute.

Bestalde, Gazte Oporraldien programa 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat da eta beren egonaldiak 7, 10, 11 edo 12 egunekoak izan daitezke, euskaraz zein gaztelaniaz. Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Aragoi, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen dira egonaldiak, eta horrek beste toki horietako gazteak ezagutzeko aukera emango die.

Gazteria Zuzendaritzak antolatutako programa horien helburu nagusia da lurraldeko haur eta gazteei aisialdia modu aberasgarrian bizitzen laguntzea. Aisialdia hezigarriko eta abenturako hainbat jardueraren bidez, parte-hartzaileen artean autonomia eta bizikidetza sustatu nahi dira, ingurune bakoitzeko kultura-ohituren eta baliabideen ezagutza sustatu, eta aisialdi eta gozamenerako inguruneetan ere euskararen erabilera bultzatu.

Egunerokoak

Aurreko urteetan bezala, udako programa horien egonaldiak egunez egun jarraitu ahal izango dira, dagozkien webguneen bidez: “egunerokoak” atalean jarduera eta ekintzetan ateratako argazkiak ikusi ahalko dira.

 

 

Jarraitu gure sareak