Atzealdea Gaztematika sarearen argazkia

2023an, Gaztematika sarearen ibilbidea eta estaldura ezagutzeko datu esanguratsuenak zehaztu, bildu eta eguneratu dira.

2023/07/26


Gaztematikaren baitan Gipuzkoako 76 udalerri daude. Sareak guztientzako jarraibide batzuk adostu ditu, haur, nerabe eta gazteen sustapenean foru- eta udal-mailan funtzionatzeko, guztientzat berdinak izango diren erreferentzia-estandar batzuetara hurbiltzeko eta elkarrekin norabide berean lan egiteko. Jarraian, sareak izan duen azken urteetako bilakaeraren datu esanguratsuenak daude eskuragarri.

 

1- Gaztematikako partaideak

2018an 72 herrik osatzen zuten sarea, eta 2022an 76 ziren. Hala, atxikimendua adierazten duten herrien kopurua haziz doa urtez urte.

 

2- Zerbitzuak, ekipamenduak eta profesionalak

Zerbitzua (haurrena, nerabeena eta gazteena) udalerrian adin-talde horietako bakoitzari arreta emateko erreferentziazko egitura publikoa da. 2022an 78 zerbitzu zeuden Gipuzkoan.

Ekipamendua udalerrian edo auzoan haur, nerabe eta gazteentzako erreferentziazko gizarte- eta hezkuntzako espazioa da, hurbilekoa. 2022an 150 ekipamendu zeuden lurralde osoan.

Profesionalei dagokienez, 2018tik 2022ra teknikarien kopurua aldatu ez bada ere, orotara horien arduraldia jaitsi egin da. Hezitzaileen taldea, aldiz, handitu egin da, eta horrekin batera hezitzaileen artean dagoen genero-arrakala: gehienak emakumeak dira. Langileen gastua, berriz, gastu osoaren % 58 da.

 

3- Datu ekonomikoak

Azken urteotan, haur, nerabe eta gazteen sustapeneko aurrekontuak kantitate orokorrarekiko duen pisuari eutsi dio: % 0,86.