Atzealdea 12-20 urte bitarteko gazteentzako “Beldur Barik” ikus-entzuneko lehiaketaren edizio berria
2023/09/29
Beste behin, Emakundek Beldur Barik programaren edizio berri bat jarri du martxan EUDEL eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Aldundien laguntzarekin batera. 14. edizioa izango da eta bere helburua da gazteen artean indarkeria matxista eta sexistari aurre hartzea eta gogoeta bultzatzea. Horretarako EAEn bizi edo ikasten duten gazteentzako ikus-entzuneko lehiaketa antolatu du. Aurreko urtean bezala, hiru kategoria egongo dira adinaren arabera sailkatuta: 12-13 urte, 14-18 urte eta 19-20 urte.
Lehiaketan parte hartzeko, gazteek, indarkeria matxista eta sexistaren aurkako Beldur Barik jarrera erakusten duen 3 minutuko bideoa aurkeztu behar dute, azaroaren 10a baino lehen. Lanak bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat…) aurkeztu ahal izango dira.
Kategoria bakoitzak bi sari jasoko ditu: 400 euro saridun nagusientzat eta 200 euro aipamen bereziarentzat. Gainera, beste 300 euroko bi sari egongo dira: ikus-entzunezko lan onenarentzat eta parte-hartzearen saria.
Lehiaketan aurkezten diren ikus-entzunezko lanek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako portaerak eta jarrerak islatu behar dituzte. Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik mezua baloratuko da.
Jarraitu gure sareak