Atzealdea 2022 Gazteriaren Europako Urtea

2022a Gazteriaren Europako Urtea izendatu dute Europako Parlamentuak eta Kontseiluak pandemiak gazteengan izan duen eragin negatiboaren ondoren hauen garrantzia eta papera indartzeko.

2022/01/26


Von der Leyen lehendakariak 2021eko Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian emandako diskurtsoaren ondorioz, Batzordeak 2022 Gazteriaren Europako Urtea izendatzeko proposamen formala aurkeztu zuen urrian eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduan berretsi zuten. Gauzak horrela, 2022ak gazteria izango du ardatz, gazteak eta hauen beharrak esparru politiko garrantzitsuenetan eta erabakiak hartzeko prozesuaren maila guztietan lehenesteko asmoz.

Helburu horrekin, 2022an zehar, Batzordeak Europako Parlamentuarekin, estatu kideekin, eskualde eta tokiko agintariekin, gazte-erakundeekin eta gazteekin beraiekin lankidetzan hainbat jarduera koordinatu eta antolatuko ditu: hitzaldiak, gazteek prozesu politikoetan parte har dezaten bultzatzeko ekimenak, Batasun integratzaileago, berdeago eta digitalago bat lortzeko kontzientziazio-kanpainak, eta EBeko gazteriaren egoerari buruzko azterlanak eta ikerketak, besteak beste. Horrez gain, funtsezko kontsulta-prozesuetan gazteen parte-hartzea bultzatzea bilatuko da. Europar Batasunak dituen gazteriari zuzendutako programak, hala nola, Erasmus + eta Elkartasunaren Europako Erakundea, ezinbestekoak izango dira Gazteriaren Europako Urtean jarduera horiek ezarri eta finantzatzeko.

Gazteak ohoratu eta laguntzea helburu

Gazteriaren Europako Urteak lau helburu nagusi ditu:

  • Gazteentzako ikuspegi positiboak eraberritzea, COVIDaren pandemiak gazteengan izan dituen ondorio negatiboak bereziki kontuan hartuz, eta aldi berean, trantsizio ekologikoak zein digitalak eta Batasuneko politikek gazteentzat izan ditzaketen aukerak nabarmenduz.
  • Gazteak babestea, bereziki babesgabeenak edota baliabide murriztuak dituztenak, herritar aktibo eta konprometituak bilakatzeko beharrezkoak diren ezagutza eta gaitasunak bereganatu ditzaten.
  • Gazteei euren garapen pertsonala, soziala, ekonomikoa eta profesionala bultzatuko dituzten aukerak hobeto ulertzen eta aktiboki sustatzen laguntzea.
  • Gazteentzako politikak Europar Batasuneko esparru politiko egokietan integratzea, EBk Gazteriarentzat duen 2019-2027 Estrategiarekin bat eginez, gazteak maila guztietako politiken elaborazioan kontuan hartuak izan daitezen.

 

Jarraitu gure sareak