Atzealdea Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Haur, nerabe eta gazteek, gizarte osoak bezala, erantzukizun handia dute egoera honen aurrean, eta beharrezkoa da auzi honetan haiek ere protagonista izatea.

2020/11/25


Gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, mundu osoko emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta herrialde guztietan indarkeria ezabatzeko politikak eskatzeko eguna. Sarritan indarkeria urruti ikusi edo ikusezina izan daitekeen arren, 2019an indarkeriaren biktima izan ziren 4.419 emakume zenbatu ziren EAEn, Emakunderen datuen arabera. Guztira, 3.098 emakume (% 70,1) erasotu zituen bikotekideak edo bikotekide ohiak, 899 (% 20,3) familiatik kanpoko gizon batek eragindako indarkeriaren biktima izan ziren, eta 422 (% 9,6) emakumek sexu-indarkeria jasan zuten familiatik kanpo. Horietatik guztietatik, % 30,7 0-30 urte bitarteko haur, gazte eta nerabeak dira.

 

Egungo gazteen artean ohikoa den bizi-ereduak biolentziazko hainbat jarrerei bide eman diezaieke; besteak beste, pornografiako webguneetan sartzean ikus ditzaketen abusu-portaerak, maitasun erromantikoaren eredu batzuk, genero-rolak eta estereotipoak, gizartean orokorrean dagoen matxismoak, eta horren adierazgarri, Interneten edo sare sozialetan ikus daitezkeen jarrera desegokiak.

 

Horren aurrean, beharrezkoa da, beste gauza askoren artean, hezkuntzak duen garrantzia azpimarratzea, formalak eta ez-formalalk. Herritar guztiek izan behar dute auzi honetan protagonista, baina nerabe eta gazteek paper garrantzitsua betetzen dute, beraiek izango baitira etorkizunean hurrengo belaunaldiak hezteaz arduratuko direnak. Harremanak eta sexualitatea era osasuntsu eta seguru batean lantzeko, informazioa eta baliabideak eskaini behar dira, eta horretarako, hezkuntza afektibo-sexualaren garrantzia azpimarratu behar da. Izan ere, emakumeenganako indarkeria prebenitzeko tresna izateaz gain, arrisku egoeren aurrean egoera aurreikusteko, detektatzeko eta erantzuna emateko aukera ematen du.

 

Azaroaren 25 honetarako, gainera, sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, gaur egun gertatzen diren eraso sexista “ohikoenen eta normalizatuei” buruz “kontzientzia sortzeko” asmoz. Ekimenak hainbat eremutan gertatzen diren eta emakumeei kalte egiten dieten jokabide matxistak identifika ditzaten eskatzen die herritarrei, errealitate hori desagerrarazi dadin. Herritar guztiek, gazteek barne, ohiko indarkeria normalizatuaren kontzientzia hartu behar dutela diote, arazoarekiko konpromiso kolektibo eta indibiduala hartuz.

 

 

 

Jarraitu gure sareak