Atzealdea Beat-eroak egitasmoaren azken emaitzarekin gustura daude gazteak
2021/06/23
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gaztematika sarearen bidez sustatutako egitasmoa da Beat-eroak. Proiektuaren helburua da, besteak beste, rap-doinuen erritmoan gai desberdinak lantzea, nerabeen artean euskararen erabilera sustatzeko.
Pandemiaren ondorioz, bere garaian ekimena bertan behera utzi behar izan zen; Izan ere, 2019-2020 ikasturteko proiektua zen berez. Ordea, ikasturte honetan Urretxu-Zumarraga eta Legazpiko gaztelekuetan proiektu pilotuak garatu dituzte, eta zerbitzu gehiagotara zabaltzea da orain erronka.
Gaiaren alderdi batzuk Ikuspegi pedagogikotik ukitu ostean, rap-tailerrari ekin zioten gaztelekuetan, eta Telmo Trenor beatmaker-a izan dute bide horretan laguntzaile.. Horrela, beste zehar-lerro batzuk ere lantzeko aukera izan zuten gazteek. Hortik abiatuta, gaiaren inguruko ideia-zaparrada egin, erritmoa bilatu, leloa sortu eta errimekin jolasean hasi ziren.
Zailtasunak zailtasun, abestia eta bideoklipa dira prozesu horren guztiaren emaitza, eta webgunean edo berri honen amaieran daude ikusgai. Horrez gain, rap-abestien baseak ere jarri dira webgunean eskuragarri, nahi duenak letrak sortu eta horien gainean inprobisatzeko.
Pandemiaren ondorioz, nahasia izan da egitasmoaren bilakaera eta, hasieran gaztetxoak galduta eta motibaziorik gabe bazeuden ere, amaierarako gustura ibili dira eta pozik daude emaitzarekin. Gazteen arteko elkar ezagutza, harremanak sendotzea edota talde-lana garatu dira, besteak beste, baliabide modernoek ekintza bera erakargarriago egiten dutelako. Urretxu-Zumarragako eta Legazpiko esperientziek proiektua etorkizunean beste gazteleku batzuetan garatzen lagunduko dute.
Beat Eroak Legazpi 2021 |
Beat Eroak Urretxu-Zumarraga 2021 |
Jarraitu gure sareak