Atzealdea Beldur Barik Jarrera! lehiaketaren edizio berria martxan da

Gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatu nahi ditu egitasmo honek. 12 eta 26 urte bitarteko gazteentzat da, eta ikus-entzunezko lanak saritzen ditu.

2020/09/18


Beldur Barik Emakundek urtero antolatzen duen programa da eta laguntzaileen artean Gipuzkoako Foru Aldundia dago. Aurtengoa, lehiaketaren 11. Edizioa, berezia izango da koronabirusaren eraginez. Ezohiko egoerak gazteengana iristeko sare sozialetan eta webgunean indar handia jartzea ekarri du. Antolatzaileen esanetan, “inoiz baino gehiago ikusi da Beldur Barik Jarrera edonon eta edozein egoeratan sustatu beharra dagoela”.

 

Beldur Barik Jarrera! 12-26 urte bitarteko gazteentzako ikus-entzunezko lehiaketa irekia da. Bere helburua da emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzea, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzen laguntzea.

 

Aurtengo lehiaketak hiru lelo ditu, urte berezi honetan gertatzen ari diren egoera guztietan Beldur Barik jarrera bultzatzeko asmoz: “Nik, etxean eta kalean Beldur Barik Jarrera”, “Nik, bakarrik eta taldean Beldur Barik Jarrera” eta “Nik, gau eta egun Beldur Barik Jarrera”.

 

Edizio honetan ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta bideoak aurkezteko epea irailaren 14tik azaroaren 5era bitartean egongo da zabalik. Parte hartzeko hiru kategoria daude: 12-13 urtekoentzat, 14-18 urtekoentzat eta 19-26 urtekoentzat. Urtero bezala, taldeka edo bakarka parte har daiteke.

 

Proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute; alegia, aipatutako harreman-motak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute. Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da. Mezuak hausnarketak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna izan behar du, indarkeria matxista amaitzeko nesken ahalduntzetik eta mutilen konpromisotik abiatuta.

 

SARIAK

Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezia banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko parte-hartzearen saria emango da, herri bozketaren bitartez; eta baita, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko saria ere, 300 eurokoa. Herri-bozketa azaroaren 11tik 13ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus webgunearen bidez.

 

Aurten, lan sarituak 2020ko azaroaren 20an emango dira ezagutzera. Aurtengo sari-banaketara irabazleak eta sariak banatzeko ardura duten erakundeetako ordezkariak baino ez dira joango. Sari-banaketa www.beldurbarik.eus webgunean ikusi ahal izango da zuzenean streaming bidez. Gainera, hainbat euskal artistak sari-banaketa girotuko dute.

 

Programari buruzko informazio guztia webgunean (www.beldurbarik.eus) zein sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram, Spotify eta Tiktok) aurki daiteke.