Atzealdea Berrogeialdian gure seme-alaben irudiak partekatzea

Adituek ohartarazten dutenez, senideei bideo bat bidaltzea biral bihur daiteke, gure seme-alaben intimitaterako eta norberaren irudiaren babeserako eskubidea urratuz.

2020/04/08


COVID19ak eragindako alarma-egoera dela-eta, guraso askok eta haien seme-alabek konfinamendu berrira egokitu behar izan dute, eta gure eguneroko ohiturak eta bizimoduak aldatu.

Teknologiak mesede egin dio tesitura berri honi, haren erabilera biderkatu egin baita azken asteotan: izan ere, haur eta gazteek haiek erabiltzen dituzte ikasteko, jolasteko edo harremanetarako, eta beren gurasoek, berriz, lan egiteko, informatuta egoteko eta, batez ere, sare sozialak erabiliz harremanak izateko.

Alde horretatik, azken egunetan asko areagotu da adingabeek Interneten duten gehiegizko esposizioa, alegia, Sharenting izenez ezagutzen den fenomenoa. Horren ondorioz, seme-alaben intimitate pertsonalerako eta norberaren irudia babestua izateko oinarrizko eskubidea legez kanpo gelditzen da, gurasoek haien irudiak beren baimenik gabe Sarera igotzen dituztenean.

Hala uste du Maialen Garmendia soziologoak, EHUko irakasle eta EU Kids Online europar proiektuko kideak: Sharentinga praktikatzen dugunean, gure seme-alaben aztarna digitala sortzen ari gara. Partekatutako irudi horien kontrola galtzen dugu, eta horrek ondorio larriak izan ditzake haurraren etorkizunean. Aditu honek ohartarazten digu, halaber, arriskua ez dagoela sare sozialetan bakarrik: Whatsapp-en bidez senideei bideo bat bidaltzea ere biral bihur daiteke, gure kontroletik ihes eginez.

Pentsatu, argitaratu aurretik

Horregatik, Garmendiak gurasoak animatzen ditu zuhurtasunez jokatzera, eta beti «argitaratu aurretik, pentsatu» araua betetzera. Irakasleak hauxe gehitzen du: “Pentsatu, zer argitaratuko den, zein testuingurutan agertzen den gure semea edo alaba, nola ulertuko den, nor izango den hartzailea… Era berean, gurasoak animatzen ditu beti adingabeei kontsulta egitera, entzutera eta iritzia eskatzera, prozesuan une oro parte hartuz.

 

"Nik ere badut zer esana!"  kanpaina

Nik ere badut zer esana kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, UNICEFekin lankidetzan, duela hilabete batzuk hasi zuen prebentzio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat, hain zuzen ere Sharenting fenomenoari buruz, #Likezibereskubideak (Like a los ciberderechos) ekimenaren barruan.

Kanpaina honek balio handiagoa hartzen du, are gehiago, konfinamendu-garai hauetan. Goiko irudian GOMENDIO batzuk ikus daitezke, gurasoek beren seme-alaben irudiak partekatzean gogoeta egin dezaten. Irudian klik egin besterik ez duzu, aholku horiei buruzko informazio gehiago nahi baduzu.