Atzealdea Chica Sobresalto eta Dupla dira “Gipuzkoan Gazte Tour” programako Hondarribiko saioaren kartelburu

Arrasate, Zumarraga eta Andoaingo saioetan sarrera guztiak agortu ondoren, laugarren jardunaldia Hondarribian izango da azaroaren 27an. “Gipuzkoan Gazte Tour” musikaren eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera biltzen dituen programa bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat eragile eta udalerrirekin lankidetzan antolatzen duena.

2021/11/16


Arrasate, Zumarraga eta Andoaingo saioetan sarrera guztiak agortu ondoren, laugarren jardunaldia Hondarribian izango da azaroaren 27an. “Gipuzkoan Gazte Tour” musikaren eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera biltzen dituen programa bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat eragile eta udalerrirekin lankidetzan antolatzen duena.

Isaac Palencia, Gazteriako zuzendari nagusia: «programazio bat prestatu dugu, finkatutako artistak tokiko artistekin uztartzeko, eta, horrela, lurraldean daukagun talentua sustatzeko. “Gipuzkoan Gazte Tour” programaren lehenengo zatiak arrakasta ikaragarria izan du, eta espero dugu geratzen diren hiru hitzorduetan ere bide beretik jotzea».

Gaur goizean, Hondarribian egitekoa den “Gipuzkoan Gazte Tour” programako beste ekitaldi bat aurkeztu da. Isaac Palencia Gazteriako zuzendari nagusia eta María Serrano Hondarribiko Udaleko Gazteriako zinegotzia izan dira aurkezpenean.

Serranok eskerrak eman dizkio Aldundiko Gazteria Departamentuari, «Hondarribiarentzat oso interesgarria da horrelako ekimenak jasotzea. Arrakasta handia izan dute aurreko urteetan, eta ziur gaude aurten ere horrela izango dela. COVID-19aren eta pandemiaren garaia oso zaila izaten ari da guztiontzat, baina baliteke gazteentzat are zailagoa izan izana; horregatik, interesgarria da horrelako ekintzak antolatzea, betiere osasun neurriak errespetatuz».

“Gipuzkoan Gazte Tour” programaren aurtengo edizioak aurrera jarraitzen du. COVID-19aren pandemiaren ondorioz 2020an geldialdi bat izan ondoren, berriro ere abian da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzat antolatzen duen aisialdi aktibo eta parte-hartzaileko zirkuitu kultural hau.

Arrasaten, Zumarragan eta Andoainen 1.800 gazte baino gehiagoren parte-hartzearekin egindako saioen ondoren, azaroaren 27an egingo da Gipuzkoako Gazte Tourren laugarren jardunaldia Hondarribian. Kartela askotarikoa da, eta aldez aurretik aztertu eta elkarbanatu da sare sozialen bidez, herriko gazteen gustuak bertatik bertara ezagutzeko. Saio bakoitzean lehen mailako artistak daude, masterclass berriak, eta baita tokiko talentu gazteen erakustaldiak ere.

Goizean, gazteek masterclass bat izango dute K-POPari buruz XTHEX eta AGNES dantzariekin Talaia-Biteri ikastetxeko gimnasioan. Arratsaldeko saioan, berriz, kontzertu bat egongo da Itsas Etxean, JULENE IRAOLA herriko artistak irekiko duena, eta Aguraingo DUPLA bikoteak eta CHICA SOBRESALTO abeslari nafarrak parte hartuko dute. Kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude, 3 eurotan, Hondarribiko Arma plazako Turismo Bulegoan edo Kutxabanken.

 

MASTERCLASSa:

K-POPa Koreatik iritsi zaigun musika estilo bat da; koreografia bereziak ditu ezaugarri nagusi, eta ezaguna da nerabeen artean oso modan dauden BTS edo BLACKPINK taldeei esker.  

XTHEX-eko Koldo Hernandez K-POP, Melbourne Shuffle eta Dancehall dantzaria da. Dantza irakasle izan da urte askoan, eta bere grina da K-POP kultura bultzatzea, doan tokira doala. Agnes K-POP kulturaren zale den neska bat da, eta bizitza osoa darama dantzaren munduan.  Dantza talde bateko mentorea eta liderra da, eta lehiaketa eta jaialdi askotan parte hartzen du.

  • Eguna: azaroaren 27a.
  • Ordua: 11:00k.
  • Lekua: Talaia-Biteri ikastetxeko gimnasioa.
  • Sarrera doan.

 

Kontzertuak:

  • Eguna: azaroaren 27a.
  • Ordua: 18:00etatik aurrera.
  • Lekua: Itsas Etxea auditoriuma.
  • Sarrera: Irekita edukiera osatu arte. 3 €, Hondarribiko Arma plazako Turismo Bulegoan edo, bestela, Kutxabanken.

 

Teloneroa: 

JULENE IRAOLA

Julene Iraola 24 urteko gazte bat da, betidanik arte mundura oso lotuta egon dena. Aurrena dantza ikasten hasi zen eta urte batzuk geroago piano eta solfeo ikasketak hasi zituen.  Horrela, partitura artean, konturatu zen munduan gehien gustatzen zitzaiona eta gehien hunkitzen zuena pianoaz lagunduta abestea zela.

 

Artista nagusiak:

DUPLA

DUPLA landa ingurune batean sortutako hiri musikako talde bat da. Bere abestien hitzek eduki esplizitua dute, eta pop-a elektronikarekin eta hip-hop estetikarekin nahasten dute.  Bikote aguraindar honen proiektua 2018. urtearen amaieran sortu zen, hilero ateratzen zituzten ikus-entzunezko kapitulu batzuekin, eta hortik lehen LGa atera zuten.

Eszenaratzearen ezaugarri nagusia bere «punch» elektronikoa da, eta ahotsaren eta bateriaren laguntzaz, antzerkiaren antzeko ikuskizun bisuala osatzen dute.

 

CHICA SOBRESALTO

Maialenen (taula gainean, "Chica sobresalto") "Bailando Raro" biraren izena lokalean 2017an inprobisatu zuten lelo batetik dator. Bira hau "Sinapsis" izeneko bere azken diskoan barrena egindako bidaia da. Era berean, guztiaren abiapuntu izan zen "Sobresalto" lanaren distirak ere aurki ditzakegu. Maitasunaz hitz egiten du, sexu askatasunaz, hautespen naturalaz eta ematen duen min izugarriaz. Endometriosiaz, piratez eta fusio nuklearrez mintzo da. Lege unibertsal bat zein gutxi gustatzen zaion kontatzen du eta zenbat gorrotatzen duen gauzak nola egin behar diren entzun behar izatea. Dioenez, horretan aritzen da aske sentiarazten duelako, eta, nahiz eta ezin duen hitzeman jendeari gustatuko zaionik, bihotz-bihotzez egina dago.         

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak