Atzealdea Erasmus+ programa ezagutzen duzu? Aurten Euskal Herriko eta Irlandako 32 nerabek parte hartuko dute egitasmo batean

Erasmus+ programaren bitartez garatuko den proiektu zehatz honen helburua da gazteen eta hizkuntza gutxituen arteko harremana zein den aztertzea eta horri buruzko hausnarketa bultzatzea

2019/10/08


Zizurkil eta Elgoibarko gaztelekuetako, Donibane Garaziko Lizeo Publikoko eta Galway-ko (Irlanda) Muintearas Teo elkarteko 32 nerabek parte hartuko dute aurtengo edizioan beste batzuen artean garatuko den egitasmo honetan. Gazteek astebeteko bi egonaldi egingo dituzte: bata Irlandan (Galway-en), urriaren 29tik azaroaren 4ra, eta bestea, Hondarribiko aterpetxean, abenduaren 2tik 9ra. Truke horietan toki bakoitzeko hizkuntza gutxituaren errealitatea ezagutuko dute eta “Gazteak eta Hizkuntza gutxituak” gaiaren inguruko tailerrak egingo dituzte.

Trukean parte-hartuko duten Zizurkilgo nerabeak

Aldez aurretik, irailaren 28an, egun bateko topaketa antolatu zen, Donostian eta, horrela, proiektuan parte hartuko duten Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteek elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Era horretan, Irlandara joaten direnean, gazteek dagoeneko elkar ezagutuko dute. 20 gazte elkartu ziren eta parte hartzeko duten motibazioaz, batetik, eta euskarak eta gaelikoak proiektuan izango duten garrantziaz, bestetik, aritu ziren.

Behin trukeak bukatuta, nerabeek lanketa berezia egingo dute Zizurkilgo eta Elgoibarko gaztelekuetan eta beren ikastetxeetan, bizitako esperientzia zabaldu eta inguruan hizkuntza-ohiturak aldatzen saiatzeko.

ERASMUS +: Gazteak ekinean

Kultura ezberdinak ezagutzea, beste herrialdeetako gazteekin elkarlanean proiektuak garatzea eta bidaiatzea gustuko baduzu zatoz Erasmus + egitasmoa ezagutzera!

 

Europar Batasunak, ERASMUS + programaren bitartez, gazteen eta gazteria-arloko profesionalen proiektuak garatzeko diru-laguntzak ematen ditu. Hala, Aldundiak hainbat baliabide jartzen ditu udalen eskura, gazteekin batera trukerako proiektuak aurkeztu eta garatzeko.

 

Gipuzkoangazte.eus webgunean aurkituko duzu aurten martxan dauden proiektuei eta aurreko urteetan garatu zirenei buruzko informazioa.

 

Informazio gehiago lortzeko gipuzkoangazte@gipuzkoa.eus helbidera idatzi dezakezu.