Atzealdea Euskararen Ginkana 2021
2021/02/04
Euskararen Ginkanaren helburua da herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna, aktibismoa eta euskararen erabilpena sustatzea. Horretarako, hizkuntza-ekologia eta hizkuntzen jasangarritasuna hartzen dira ardatz, eta lehiaketako edizio bakoitzean gai zehatz bat aukeratzen da. Aurtengo gaia “Euskararen ekosistemak” izango da, eta egin beharreko probek zerikusia izango dute gaiarekin. Euskaltzaleen Topaguneak egingo ditu aurten lehiaketako koordinazio-lanak.
Bi fase bereizten dira Euskararen Ginkanan. Lehen fasean, 4 proba desberdin erantzun beharko dituzte taldeek Internet bidez. Horietatik puntuazio altuena eskuratzen duten lau taldeak bigarren fasera pasatuko dira, eta finala aurrez aurre jokatu beharko dute. Finalean puntuazio altuena lortzen duen taldea izango da Euskararen Ginkanaren irabazlea.
Lehen faseko online probak otsailaren 3tik martxoaren 3ra bitartean izango dira, eta asteazkenero proba berri bat zintzilikatuko dute beraien webgunean. Bigarren fasea, hau da, finala, Donostiako Ekogunean izango da martxoaren 20an, eta, esan bezala, online probetan puntuaziorik altuena lortu duten lau taldeek jokatuko dute bertan.
4-6 pertsona arteko taldeek hartu ahal izango dute parte, 16 urtetik gorakoak. Sariei dagokienez, irabazleek 3.000 euro jasoko dituzte euskararen aldeko egitasmo bat sortzeko.
Jarraitu gure sareak