Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Gazteak Auzolanean’ egitasmoari esker, ‘Hurrengo Geltokia’ film laburra estreinatu du gazte-talde batek

Estreinaldia abenduaren 12an egin da Eskoriatzan eta ‘Gazteak Auzolanean’ egitasmoaren babesarekin burutuko duten biraren lehenengo emanaldia izan da.

2021/12/23


‘Gazteak Auzolanean’ Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako egitasmoa da. Honen helburua da Gipuzkoako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei taldeko proiektuak garatzen laguntzea, beren ingurunea inplikatuz eta interes publikoa duten gizartearen eraldaketa prozesuak sustatuz. Proiektuak berritzaileak, irabazi asmorik gabekoak eta urte betean garatzekoak izan behar dira. Aurtengo edizioan 5 proiektu hautatu dira, ‘Hurrengo Geltokia’ barne.

‘Hurrengo Geltokia’ proiektuaren sortzaileek azaldu dutenez, ‘Gazteak Auzolanean’ programari esker jasotako diru-laguntza film laburra sustatzeko erabili dute. Laguntza horri esker banatzaile batekin harremanetan jarri dira film laburra festibaletara bidaltzeko eta inguruko herrietan hasi berri duten bira aurrera eramateko. Iaz pandemiak eragin zituen murrizketak gorabehera, grabaketak bost egunetan burutzea lortu zuten. Behin postprodukzioa bukatuta, film laburraren aurkezpena egin dute Eskoriatzan abenduaren 12an.

Lantaldea Mondragon Unibertsitateko hirugarren mailako Ikus-entzunezko Komunikazioko zenbait ikaslek osatzen dute: Naia Aizpurua, Uxue Morales, Angello Eloizaga, Ander Zelaia, Natalia Arteche eta Julen Leturiondo, hain zuzen ere. Protagonista nagusiak, aldiz, Jon Ander Urresti eta Garazi Beloki dira.

‘Hurrengo Geltokia’ elkarrizketarik gabeko film laburra da eta gaur egun pertsona askok bizi duten monotonia eta errutina islatzea du helburu. Identifikazioaren bitartez, ikuslea bere bizitzarekin pozik ote dagoen hausnartzera bultzatzen du. Monotonia hori islatzeko sortzaileek hainbat ikus-etzunezko baliabide erabili dituzte, hala nola, argiztapena, plano estatikoak eta soinua. Naia Aizpurua Hurrengo Geltokia proiektuaren zuzendariak adierazi duenez, “film labur honek tren-geltokia du ardatz nagusi. Trenak bizitza iradokiko luke, gure esku baitago tren bat edo beste hartzeko erabakia”.

 

2021ean hautatutako proiektuak ezagutu

 

 

Jarraitu gure sareak