Atzealdea Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuen proposamenak ezagutzen

Zer nolako proposamenak ari dira aurrera eramaten Gipuzkoako haurtxoko zein gaztelekuak konfinamendu-egoeran?

2020/04/24


Haurtxoko zein gaztelekuetako sustapen-lana agertoki berri batean aurkitu da azken asteotan. Egun batetik bestera, aurrez aurreko zerbitzuak itxi eta erabiltzaileekin zut

en esku-hartze zuzena eten egin behar izan dutelako. Hala eta guztiz ere, bertan lanean diharduten hezitzaileek euren jarduna modu digitalera egokitzen jakin dute, haur eta nerabeei dinamika berriak proposatuz.

 

Hona hemen adibide aipagarri batzuk:

  • Azpeitian, esate baterako, #Etxeanjolas egitasmoaren bidez, egunero proposamen bat egiten ari dira bertako ludotekak: sukaldean aritzeko errezetak, jolasak, eskulanak, erronkak bideoen bitartez…

  • Bestalde, Zarautz-eko Ludotxo Ludoteka ekimen oso orijinalak proposatzen ari da, hala nola: filmen bikoizketa, look berriak asmatu, yoga-ikastaroak…

 

  • Oiartzunen Abaraxkako ludotekak proposamen berriak egiten ditu egunero bere blogean, eta horien bideez aukera dugu liburu digitalak irakurtzeko, zeinu hizkuntzaren alfabetoa ikasteko, edota Oiartzun ezagutzeko (argazki zahar bat ikusiz, igarri zein toki den).

 

  • Eibarren, berriz, altxorraren bila jokoa proposatu dute: haurrek egunero galdera bati erantzun behar diote. Horretaz gain, aipagarria da sortutako marrazkien erakusketa digitala.

 
  • Gaztelekuen kasuan, Hernanikoan, adibidez, Instagram gazteen proposamenak jasotzeko kanal bilakatu da. Aipagarria da zuzeneko Instagram-en erabilera: konfinamendua hasi zenetik, bertako hezitzaileak Instagram-en zuzenekoak egiten hasi ziren egunero erabiltzaileekin harreman zuzena izateko asmoz. Horretaz aparte, online jolasak, erronkak (sudokuekin), musika playlist-ak edota argazki-lehiaketak antolatu dituzte azken asteetan.

 

  • Lazkaoko Gaztelekuan, bestalde, gastronomia, pultsera-tailerra, kirol-ariketak, gizarte-alorreko gaiak edota erlaxazio-ariketak proposatu dituzte.

 
  • Zizurkilgo Gaztezulok asteko programazio bat sortu du Instagram bidez. Horrela, gazteek badakite astelehenean erronka dagoela; asteartean, errezetaren ordua; asteazkenean, eskulana edo denbora libreko proposamenak daudela; ostegunean, berriz, irakurketa-proposamenak egingo direla; ostiralean, musika eta abestien proposamenak; larunbatean, lehiaketa datorrela (galdera-erantzunak, eroglifikoa edota bestelako lehiaketaren bat) eta, amaitzeko igandean, pelikula edo serie bat ikustea proposatuko dela.

 

  • Azkenik, Arrasateko Gaztetxokoan proposamen orijinalak garatu dituzte: esaldi- eta meme-lehiaketak, musika-playlist-ak, rapeatzeko bideo-baseak, Fanzine digitalak, galdetegiak..

 

Beraz, ezin uka sormena mugaezina dela, Gipuzkoako haurtxoko zein gaztelekuak erakusten ari diren moduan. Zorionak egindako lanagatik (baita nola ez, aipatu ez ditugun zerbitzuei ere).