Atzealdea Gipuzkoan Gazte Tour ekimena azaroaren 13an iritsiko da Andoainera, parkour saio batekin eta erritmo urbanoekin
2021/10/29
Gipuzkoan Gazte Tour ekimenak sorkuntza urbanoko hainbat proposamen ekarriko ditu Andoainera hurrengo larunbatean, azaroaren 13an. Parkour emanaldi ireki eta doako batekin hasiko da eguna. Arratsaldean, Bastero Kulturgunean, bertako EDU, Crutzero eta DJ Ander hirukotearen eta Miren eta Delaossa artisten eskutik kontzertuak egongo dira. Musika jaialdirako sarrerak 4 eurotan daude jada salgai Basteroko leihatiletan eta Kutxabanken webgunean.
Ekitaldiaren aurkezpenean Isaac Palencia Gazteriako foru zuzendariak, Maider Lainez Andoaingo alkateak eta Mari Jose Izagirre Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria zinegotziak hartu dute parte.
Isaac Palencia Gazteriako Foru Zuzendariak nabarmendu duenez “artista finkatuak eta tokiko artistak uztartzen dituen programazioa prestatu dugu, lurraldeak duen talentua sustatuz. Badirudi pixkanaka normaltasunera itzultzen ari garela eta gazteei horrelako programazio erakargarria eskaini ahal izatea albiste ona da”.
Maider Lainez alkateak nabarmendu du “Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza, gainera, Andoainek zirkuitu horretan parte hartzen duen lehen aldia da”. 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzako aisialdi aktibo eta parte-hartzaileko kultura-zirkuitu bat da, “bere helburu nagusia publiko gazte eta nerabeari kultura-programazioa eskaintzea baita, ekitaldiaren parte senti daitezen saiatuz”. Azkenik, alkateak gazte andoaindarrak gonbidatu ditu “Gazte Tourreko jardunaldi honetan aktiboki parte hartzera eta egun hori zuhurtziaz eta arduraz gozatzera”.
Bestalde, Izagirrek “gazteen espektatibei erantzungo dien eskaintza osatzeko ahalegina” azpimarratu du. Gazteria zinegotziaren iritziz, “garrantzitsua da andoaindar gazteen aisialdiko eskaintza tradiziozkoak edo ohikoak ez diren diziplinekin elikatzea, Goikoplazan Parkour-akrobaziak sustatuz, edo Basteron lehen mailako hiri-erritmoz betetzea, non Delaossa bezalako erreferenteak, gorabidean dauden artista euskaldunekin, eta kasu honetan andoaindarrekin, nahastuko diren”.
Gipuzkoan Gazte Tour Gipuzkoako Foru Aldundiaren programa bat da, eta musikaren eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera biltzen ditu, beste eragile eta udalerri batzuekin elkarlanean, gazte eta nerabeei kultur-programazioa eskaintzeko eta haien interes eta gustuetara hurbiltzeko. Andoaingo hitzorduak kutsu oso lokala izango du gainera, EDU, Crutzero eta DJ Anderrek parte hartuko baitute. Herriko 19 eta 25 urte bitarteko hiru gazte horiek urte batzuk daramatzate Gipuzkoako eszenan. Beren abestiak interpretatzeaz eta beraiek ekoizteaz gain, freestyle eginez ere inprobisatzen dute zuzenean.
Azaroaren 13ko jardunaldia 11:30ean hasiko da Goiko Plazan, Lotzen Add elkartearen eskutik parkour saio ireki batekin. Elkartea erreferente bat da hiriko akrobazien diziplina hau zabaldu eta irakasteko orduan, eta tailer bat eskainiko die jarduera lehen aldiz probatu nahi duten gazteei, edo esperientzia dutenei eta hainbat erronka-motarekin entrenamendua partekatu nahi dutenei: oztopoak gaindituz, salto eginez eta mugituz edo hiri-espaziora egokituz, beste erabilera bat emanez...
Arratsaldean, Bastero Kulturgunean, 18:00etatik aurrera, Edu, Crutzero eta DJ Ander musikari lokalen txanda izango da. Bartzelonan finkatutako Miren abeslari donostiarrak hartuko du ostean lekukoa, lo-fi, hip-hop eta popa doinuez osaturiko espazio oso intimo eta pertsonal bat sortuz.
Azkenik, Delaossa artista izango da Basteroren eszenatokia hartuko duena. Andaluziar raperoa gaztelaniazko raparen izen aipagarri eta errespetatuenetako bat da jada, eta azken urte eta erdi honetan meteorikoa izan da haren ibilbidea. Malagako marinel auzo bateko gela batean hasi zen abenturak eszena osoaren errespetua eta miresmena du egun, ehunka mila jarraitzaile, milioika erreprodukzio plataforma digitaletan eta sarrerak agortuta dituzten emanaldiekin.
Jarraitu gure sareak