Atzealdea Gipuzkoako haur eta nerabeek beren ongizate-maila nola hautematen duten mintzagai HITZegiten topagunean

Maiatzaren 30ean egingo da eztabaida eta sentsibilizaziorako topaketa, bi saiotan banatuko da eta arratsaldekoa irekia eta hezkuntzako profesionalentzat izango da

2023/05/22


Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak azterlan bat egin du Gipuzkoako haur eta nerabeek haien ongizatea nola ebaluatzen duten jakiteko. Gipuzkoako 66 ikastetxetako 8 eta 14 urte bitarteko 10.000 haur eta nerabek baino gehiagok parte hartu dute Zmz? Haur eta nerabeen ahotsa azterlanean. Ikerketak, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat etorriz, ahotsa eman die Gipuzkoako haur eta nerabeei, haien ongizate-maila subjektiboa ezagutzeko.


Azterlanaren datuak bildu eta aztertu ondoren, txosten bat egin da, lortutako emaitzak eta atera daitezkeen ondorioak zehaztuz. Hori dela-eta, datorren maiatzaren 30ean topaketa bat egingo da haien berri emateko. HITZegiten topagunea, Gaztematika sareak (udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatua) haur, nerabe eta gazteen inguruko gaiak lantzeko eztabaida eta sentsibilizaziorako gunea da. Bi saio izango ditu:

 

GOIZEKO SAIOA 

Lehenengo saioa goizeko 10:00etatik 13:00etara izango da, Gaztematikako profesionalentzat (hezitzaile, teknikari eta arduradun politikoentzat). Azterlanaren informazio nabarmenenak eta ondorioak azalduko dira bertan. Ondoren, gaian sakonduko da, eta ikerketaren emaitzak lantaldeen bidez hausnartu eta kontrastatuko dira.

Data: Maiatzak 30

Ordua: 10:00etatik 13:00etara

Non: Kirol Etxea. Anoeta paselakua, 5, 20014 Donostia.

Hizkuntza: Euskara

 

ARRATSALDEKO SAIOA (BERTAN BEHERA)

Bigarren saioa arratsaldeko 18:00etatik 19: 00etara, hezkuntzako profesionalentzat eta gaian interesa duen edonorentzat izango da. Izan ere, aukera baliatu nahi da hezkuntza-arloak emandako laguntza eskertzeko, ezinbestekoa izan baita ikerketa garatzeko. Bertan ikerketaren informazio nabarmenena eta ondorioak aurkeztuko dira, eta emaitzak ere komentatuko dira.

Data: Maiatzak 30

Ordua: 18:00etatik 19:00etara

Non: Kirol Etxea. Anoeta paselakua, 5, 20014 Donostia.

Hizkuntza: Euskara

Saio honetan izena emateko formulario hau bete behar da, maiatzaren 25era arte.

 

INFORMAZIO GEHIAGO

 

Jarraitu gure sareak