Atzealdea Hasi dira Gazteria Zuzendaritzaren udako programak

Gipuzkoako 1.000 haur eta nerabe inguruk parte hartuko dute Foru Aldundiaren Udalekuak eta Gazte Oporraldiak programetan

2021/07/01


 

Haurrak eta nerabeak izan dira protagonista gaur goizean Donostiako Autobus Geltokian, bertatik atera baitira udalekuetara zein gazte-oporraldietara eramango dituzten autobusak. Guztira, 13 autobus abiatu dira.

 

Udalekuetan 7-13 urte bitarteko haur eta nerabeek parte hartuko dute. Programa hiru foru-aldundiek elkarrekin antolatzen dute eta, beraz, Gipuzkoakoek Araba eta Bizkaiko neska-mutilekin batera biziko dute esperientzia. Gazte Oporraldiak, berriz, 14-17 urte bitarteko gazteentzat dira, eta Gaztela-Mantxa, Aragoi eta Gaztela eta Leoneko autonomia-erkidegoekin, Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Arabako Foru Aldundiarekin koordinatzen direnez, parte-hartzaileek aukera izango dute leku horietako gazteak ezagutzeko.

 

2021ean, Foru Aldundiak 1.075 plaza banatu ditu, guztira, Gipuzkoako haur eta gazteen artean, programa hauei esker astialdiaz gozatzeko: 828 udalekuetarako eta 347 gazte-oporraldietarako; eta horien % 5 hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonei eman zaizkie. Beraiekin izango dira, gainera, zenbait gazte, begirale- eta zuzendari-lanetan.

 

Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituen egonaldi hauen helburu nagusia da lurraldeko haur eta gazteei beren astialdia modu aberasgarrian igarotzen laguntzea. Izan ere, udako programetan antolatutako aisia eta abenturazko jardueren bidez sustatu eta indartu nahi dira, besteak beste, aisia hezigarria, parte-hartzaileen autonomia eta bizikidetza edota ingurune bakoitzeko ohitura eta kultura-baliabideen ezagutza.

 

Aurtengo egoera berezia dela kontuan izanda, udalekuetan eta gazte-oporraldietan zorrotz bete beharko dira COVID-19 birusaren hedapena saihesteko neurriak, baina horrek ez du ekidin Gipuzkoako biztanle gazteek beren astialdiaz balio onak barneratuz gozatzeko aukera izatea.

 

EGUNEROKOAK

Udalekuak eta Gazte Oporraldietako egonaldien segimendua egin nahi dutenek, bertan egiten dituzten ekintzen irudiak eskura izango dituzte, egunez egun, bi programen webguneko “Egunerokoak” atalean:

 

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak