Atzealdea Ireki da “Adimen emozionala: zer da sentitzen dudana?” tailerrerako izen-ematea

Tailerra aurrez aurrekoa izango da, Legazpiko Kultur Etxean, otsailaren 11n. 18-30 urteko gazteentzako trebakuntza da eta izen-ematea otsailaren 8ra arte egongo da zabalik

2022/01/31


TREBA gazteak 18-30 urte bitarteko gazteei ahalduntze-prozesuan lagunduko dien prestakuntza-eskaintza da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak Gaztegune Plus zerbitzuaren baitan antolatua. Ikastaro hauen programa gazteekin batera diseinatu zen focus group metodologia erabiliz, eta 50 gazte baino gehiagoren iritzia kontuan hartu da. Horren emaitza dira gazteentzako interesgarriak eta beharrezkoak diren gai ezberdinei buruzko ikastaro labur hauek.

 

Adimen emozionalari buruzkoa da hau eta norberaren emozioak identifikatzeko eta horiek modu egokian kudeatzeko estrategia ezberdinak ikasiko dira. Izan ere, gaur egungo gizartean aritzeko eta, orokorrean, gure bizitza ahalik eta egokien garatzeko, ezinbestekoa da gure burua ezagutu eta gure emozioak kudeatzen jakitea.

 

3 orduko aurrez aurreko tailerra izango da, Legazpiko Kultur Etxean, eta hainbat dinamika landuko dira bertan. Trebatzailea Jone Zalduegi izango da, integratzaile soziala eta sexu- eta familia-hezitzailea.

 

Aurten 12 trebakuntza-jarduera aurreikusi dira, gehienak formatu laburrean, eta 3 ordu ingurukoak izango dira. Jorratuko diren gaiei dagokienez, askotarikoak izango dira: edertasun-kanonak, adimen emozionala, osasun mentala edo sexualitatea, besteak beste.

 

Edizio honetako zenbait ikastaro Gipuzkoako udal batzuekin batera antolatu dira, eta Aldundiaren Gaztegunen egingo diren ikastaroez gain, Legazpi, Zegama, Elgoibar eta Donostiako udalekin elkarlanean antolatutakoek aukera emango dute eskaintza Gipuzkoan zehar zabaltzeko. Hain zuzen ere, horietako bat da hau.

 

“Adimen emozionala: zer da sentitzen dudana?” tailerra euskaraz izango da eta izena emateko epea otsailaren 8an amaituko da.

 

 

 

Jarraitu gure sareak