Atzealdea Gipuzkoako gazteak dira Interneten euskaraz dagoen informazioa gehien kontsultatzen dutenak
2020/07/21
2018 urte bukaeran Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen laurden batek (% 25,6) adierazi zuen aurreko hiru hilabeteetan kontsultatu zituela Interneten euskaraz zeuden webguneak edo informazioa (% 5,2k esan zuen kontsultatutakoa erabat euskaraz edo gehienbat euskaraz zegoela eta beste % 20,4k, berriz, bai euskaraz bai gaztelaniaz zegoela).
Webguneak edo dokumentazioa euskaraz irakurri zuten gazteen ehunekoa (% 25,6) Euskadiko 15 urtetik gorako biztanleria osoari dagokiona baino askoz handiagoa da (% 11,9).
Euskaraz dauden webguneak edo informazioa gehien kontsultatu dituztenak gazteenak dira (15-19 urte bitartekoak) eta ehunekoak beherantz doaz adinean gora egin ahala. Lurralde historikoen araberako azterketan ikus daiteke Gipuzkoako gazteek bizkaitarrek edo arabarrek baino gehiago kontsultatzen dutela Interneten euskaraz dagoen informazioa.
Udan euskararen erabilera bermatzeko ekimenak
Baina datu hauek aldaketak jasan dituzte Covid19ak eragindako itxialdiarekin. Izan ere, eskolen itxierak eta aurrez aurreko klaseen hutsuneak eragina izan du haur eta gazteen euskararen erabileran. Hainbat ikasle geratu dira egunerokoan euskaraz hitz egiteko aukerarik gabe: ez irakasleekin, ez ikaskideekin, ez etxekoekin. Egun batetik bestera, askorentzat eten egin da hizkuntzarekin zuten harremana.
Hori dela eta, zenbait tokitan, hala nola Donostian, egoera horretaz jabetu eta mintzapraktika sareak osatzeko hautua egin dute, boluntario bidez osaturikoak. Horien helburua da, hain zuzen, haur eta gazteak horrenbeste denboran euskararekin inolako harremanik izan gabe ez egotea, eta galera horrek datorren ikasturtean ez kaltetzea.
Ekimen honen inguruan informazio jakin nahi baduzu, harremanetan jarri zaitez BAGERA elkartearekin, 943 005 074 telefono edo bagera@bagera.eus helbidearen bidez.