Atzealdea Martxan da 2021-2022 ikasturteko TREBA gazteak prestakuntza-eskaintza

18-30 urte bitarteko adina duten gazteek lurraldeko hainbat tokitara iritsiko diren 12 ikastarotan parte hartzeko aukera izango dute edizio honetan.

2021/10/06


Dagoeneko martxan da Treba Gazteak programaren 2021-2022ko eskaintza. Honekin Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak jarraipena emango die Gipuzkoako 18-30 urte bitarteko gazteei eskaintzen dien prestakuntza-ekimenari. Joan den ikasturtean 3 izan ziren antolatutako ikastaroak, baina oraingoan 12 egingo dira guztira, denak gazteen ahalduntzearekin lotuak.

Gazteek beraiek aitortzen dutenez, askotan, hezkuntza formaletik at, bizitzan moldatzeko oinarrizko gaitasunetan gabezia edo hutsune nabarmenak dituzte, eta gaitasun horiek funtsezkoak dira bizitzako etapa honek bereizgarri dituen aldaketei aurre egiteko eta erabakiak hartzeko.

Horretaz jabeturik, 2021eko martxoan Foru Erakundeak abian jarri zuen TREBA(gazteak), Gipuzkoako gazte bakoitzaren balizko hezkuntza-hutsune horiek betetzeko. Egitasmo honen barruan gazteentzat interesgarriak diren gai desberdinei buruzko ikastaro laburrak antolatzen ditu, gazteen emantzipazioko, garapeneko eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortu eta finkatzeko asmoz.

Berrikuntza gisa, aurtengo edizioko zenbait ikastaro Gipuzkoako udal batzuekin batera antolatu dira. Aldundiaren Gaztegunen egingo diren ikastaroez gain, Legazpi, Zegama, Elgoibar eta Donostiako Udalekin elkarlanean antolatutakoek aukera emango dute eskaintza Gipuzkoan zehar zabaltzeko.

Trebakuntza-jarduera gehienak formatu laburrean egingo dira, 3 ordu ingurukoak izango dira; eta aurrez aurrekoari garrantzia emango zaio, nahiz eta oraindik ere ikastaro batzuk online eskainiko diren. Jorratuko diren gaiei dagokienez, askotarikoak izango dira: edertasun-kanonak, adimen emozionala, osasun mentala edo sexualitatea, besteak beste.

Momentu honetan zabalik dago lehenengo ikastaroan izena emateko epea. Edertasun-kanonei buruz izango da, arratsaldez eta online.

 

Informazio gehiago

 

 

 

Jarraitu gure sareak