Atzealdea Nerabeen egoera mintzagai HITZegiten topagunean

Nerabeek eta gazteek komunitatean duten presentziaz mintzatu ziren HITZegiten topagunearen bigarren jardunaldian

2021/03/26


 

HITZegiten

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bultzatuta, Gaztematika sarearen barruan sortutako egitasmoa da HITZegiten. Topaketaren helburua da haurren, nerabeen eta gazteen beharrei lotutako gaiez elkarrekin hausnartzea, betiere, sustapenaren ikuspegitik. Lehenengo jardunaldiak haurren eskubideak izan zituen hizpide, eta bigarren honetan, nerabeek eta gazteek komunitatean duten presentziaz eta administrazioen aldetik jasotzen dituzten erantzunez mintzatu ziren.

 

Harkaitz Millan Kultura eta Gazteriako diputatu sozialistak adierazi du “udalekin sarean lan egitea garrantzitsua dela Gipuzkoako gazteen arazoei gertutik aurre egiteko. Horretarako, lurraldeko udalerriak biltzen dituen Gaztematika sarea funtsezko tresna da”.

 

100 pertsona inguruk hartu zuten parte, guztira, goizeko eta arratsaldeko saioetan, eta Carles Feixa Pàmpols gizarte-antropologoa izan zen hizlari nagusia. Doktorea da Bartzelonako Unibertsitatean eta honoris causa Manizaleskoan (Kolonbia). Gazte-kulturen ikerketan espezializatuta dago, eta Katalunia eta Mexikon gaiari buruzko hainbat ikerketa egin ditu. Nerabeek pandemiaren ondorioz bizi duten egoeraren inguruan aritu zen, Covid-19aren pandemiak eragindako egoera nola daramaten eta bizi dituzten mugak erakundeok nola konpentsa ditzakegun azalduz.

 

Aurkezpena eta dinamizazioa, ostera, gaian trebatuta dagoen Ainhoa Martín Blázquez gizarte-hezitzaileak egin zuen. Nerabeekin lan egin du ingurune irekian egiten diren gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeko hainbat programatan eta irakasle elkartua izan da EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Gizarte Hezkuntza eta Pedagogia Graduko ikasketetan.

 

TREBA gazteak prestakuntza-eskaintza

TREBA Gazteak Gazteria Zuzendaritzak antolatutako prestakuntza-eskaintza da. Lau eremu hartzen ditu bere baitan: HITZegiten solasaldiak honen barruan kokatzen dira, eta beste hiru ildo ere hartzen ditu: gazteria-arloko profesionalak, gurasoak eta gazteak (azken honen xedea da Gipuzkoako gazte bakoitzaren balizko hezkuntza-hutsuneak betetzea).

 

Asteazkenean hasi zen, esaterako, TREBA Gazteak prestakuntza-ildoaren barruan antolatutako lehenengo ikastaroa, 18-30 urte bitarteko Gipuzkoako gazteei ahalduntze-prozesuan lagunduko diena. Gazteekin batera focus group metodologiaren bitartez diseinatutako eskaintza da, eta 50 gazte baino gehiagoren iritzia hartu da kontuan horretarako. Lan-prozesu horren emaitza haientzat interesgarriak eta beharrezkoak diren gai ezberdinei buruzko pilula laburrak izan dira. Lehena, adimen emozionalari buruzkoa da, eta gainerakoak ekainera bitartean egingo dira.

 

 

 

Jarraitu gure sareak