Atzealdea Gazteentzako 8.000 €-ko GazteARTEan ikerketa-bekaren edizio berria martxan da

35 urtetik beherako gazteek urriaren 5era arte bidal ditzakete haur, nerabe edota gazteen arloko ikerketa-proposamenak

2023/09/06


GazteARTEan ,Irungo Udaleko Gazteria Sailak, 35 urtetik beherako gazteentzako haur, nerabe eta gazteriari buruzko bekaren bosgarren edizioari ekin dio. Beka honen helburua da, alde batetik, herritar gazteen artean ikerlana sustatzea eta bultzatzea, eta bestetik, Udalaren eta gazteen artean lankidetzarako bideak irekitzea.

Interesa duten gazteek ikerketa eta ekintzako proiektu bat garatu beharko dute, haur, nerabe edo gazteekin zerikusia duten gaiak lantzeko. Ikerketak gehienez 8 hilabeteko iraupena izango du, gradu/lizentziaturako titulua duten pertsonek banaka edo taldeka egin ahal izango dute eta 8.000 euroko laguntza ekonomikoa du.

 

Urriaren 5era arteko epea proposamenak aurkezteko

Bekan parte hartzeko, fisikoki edo online, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

  • Proiektuaren memoria labur bat, gehienez 15 foliokoa. Bertan zehaztuko dira, izenburua, kontzeptua, gaia eta planteamendua, helburuak, metodologia, denbora-kronograma eta ikerketarako behar diren baliabideak.
  • Unibertsitateko titulazioa, harremanetarako datuak eta eskatzaileen curriculum laburra; eta baita NAN/AIZen fotokopiak ere.
  • Bereziki baloratuko da memoriari erantsitako ikus-materiala (irudiak, bideoak, baliabideak), proposamenari laguntzen diona.

Proiektua entregatzeko azken formatua aldatu egin daiteke eta hainbat proposamenetara irekita egon daiteke: proiektu tradizionala, prozesua edo ekintza (dibulgazio-materiala, lankidetza, partaidetza edo sormen-prozesuak). Irungo gazteak modu aktiboan inplikatzen dituzten proposamenei garrantzi berezia emango zaie.

 

 

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak