Atzealdea Pandemia ondorengo testuinguruan haur eta nerabeen adimen emozionala oinarri
2020/10/26
Covid 19ak orain arteko gure bizimodu, ohitura, aukera eta abarretan aldaketa ekarri du, hainbatetan erabateko haustura. Oinarrizko arlo bat da emozioena; guk haur eta nerabeenetan jarri dugu fokua eta aditu batekin aritu gara horiek ondo kudeatzeak duen garrantziari buruz.
Txemi Santamaria, Teologia eta psikologian lizentziatua da, psikologia transpertsonalean eta psikoterapia esperientzialean espezializatua. Gipuzkoako haurtxoko eta gaztelekuetako hezitzaileekin hainbat prestakuntza saio egin ditu haur eta nerabeen adimen emozionala lantzeko.
Aldeketek eragina dute pertsonengan, guztiongan. Pertsonak gure inguruarekin harremanetan gaude eta, aldaketak sortzen badira, guk sumatzen ditugu. Umeen kasuan prozesu berbera sortzen da. Krisialdi honetan, gainera, bizi izandako aldaketak nabarmenak izan dira.
Lehenengo eta behin azpimarratu behar dugu pertsonok aldaketei aurre egiteko gaitasun handia dugula, baita umeek ere. Esan dezakegu oso erantzun ona eman diotela haurrek krisialdi honi, baita emozioen arlotik. Berriro ere baieztatu dugu beraien malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna.
Baina ume batzuentzat zaila izan da egokitzea pandemiak ekarritako aldaketetara. Eta eraginak nabariak izan dira. Sintomatologia antsioso-depresiboa areagotu egin da. Umeak urduriago, antsietate handiagoarekin egon dira, kasu batzuetan. Beste batzuetan gogo eza, edo umore aldakorra izan dituzte. Zaila egin zaie barneratzea gertatzen ari ziren aldaketak. Kontuan izan behar dugu, halaber, hainbat familiatan krisialdia dela-eta arazo multzo bat sortu dela: ekonomikoak, harremanetan… eta horiek guztiek eragina izan dute umeengan.
Pertsona bere osotasunean hartu behar da. Beraz, osasunak pertsonaren arlo fisikoa ez ezik emozionala ere kontuan hartu behar du. Nik uste dut gero eta gehiago hartzen direla aintzat emozioak, baina oraindik urrats batzuk egiteke daude. Arlo emozionala ez da ikusten arlo fisikoa ikusten den moduan. Hortaz, desagertzeko arriskua hor dago. Baina pandemia honetan argi geratu da emozioen eragina.
Ongizate emozionala ezinbestekoa da haurren hazkunderako. Lehen komentatu dugunez, pertsonengan arlo ezberdinak harremanetan daude, eta horietako batean arazoak badaude, hori islatzen da gainerako guztietan. Umeek, neurri handi batean, ongizate emozionala familian eraikitzen dute. Gurasoek gune ziurra eta lasaia sortzen dute, eta ongizate horretan sortzen da atxikimendua. Atxikimendu horri esker umeak familiatik aterako dira, eta eskolan, lagunekin eta beste esparru batzuetan harreman osasuntsuak sortuko dituzte.
Hori dela-eta, umeei lagundu egin behar diegu egoera honi lasaitasunez aurre egiten; harremanak zaindu behar dira. Horrenbestez, etxeko eta kaleko elkarrizketan pandemia ez da izan behar gai bakarra, astia hartu behar dugu familietan emozioei buruz solas egiteko: zelan zaude? zelan gaur eskolan?… Galdera horietan ez dugu hitz egiten gauzei buruz, baizik eta geure buruari buruz; horrela, aukera ematen diegu umeei beraien bizipenak eta sentimenduak adierazteko.
Familietan hainbat arazo sortu dira pandemia honetan, besteak beste, ekonomikoak. Gai batzuk urrun samar geratzen zaizkie umeei, helduen kontuak direlako. Hala ere, familiaren arazoez jakinaren gainean egon daitezke (noski, adinaren arabera), baina garrantzitsua da haurrak zer ikusten duen, zailtasun baten aurrean familiak zelan erantzuten duen. Eta familia izan daiteke gune bat non arazoaz berba egiten den, harremanak zaintzen diren, pertsonen arteko elkarri laguntzeko dinamika sortzen den eta irtenbideak bilatzen diren.
Hona hemen gomendio batzuk:
Hau prozesu bat da. Umeek eta nerabeek hainbat esparrutan parte hartzen dute: hor aukera izango dute beraien prozesua egiteko. Eskola eta familiaz gain, ezinbestekoa da ume eta gazteek egiten dituzten beste ekintza batzuetan ere emozioen kudeaketaren ikuspegia egotea: kiroletan, haurtxokoetan, astialdiko taldeetan, etab..
TREVA Programa geletan arreta osoa (Mindfulness) bultzatu nahi duen proposamena da. Horretarako, irakasleen formazioa egiten da (lehenengo urratsa), gero haiek euren geletara arreta osoko ariketak eramateko.
Arreta osoa XXI. gizaldiko hezkuntzarako berrikuntza psiko-pedagogikorako ekarpen moduan ere eskaini nahi genuke. Izan ere, mindfulness, edozein irakasgai irakasteko baliabidea izateaz gainera, intimitaterako espazioa, nork bere buruaren ezagupenean sakontzeko aukera eta adimen emozionala garatzeko baliabide bikaina da ikasle eta irakasleentzat. Era berean, erlaxazio-meditazioa (mindfulness) ekarpen bikaina da neuro-ikaskuntzarako.
Helburu horrekin, TREVA egitarauan (Bizipen-erlaxaziorako teknikak gelarako) jasotzen diren jarduera nagusiak landuko ditugu: 9 psiko- eta gorputz-baliabidetan oinarrituta, 12 unitate didaktiko ditu. Baliabide horiek, haur eta lehen hezkuntzako eta batxilergoko geletara moldatzen dira. Eta beste eremu batzuetan ere gara daitezake: familiekin…
TREVA web orrialdea
Berariazko onurak:
Eskola onurak:
Teknologiak komunikabide ederra izan daitezke, baina gauza guztiekin gertatzen den moduan, nolabaiteko oreka mantendu behar da. Azken bolada honetan orokorrean ematen zaien erabilera ez da oso egokia, eta horrek arazoak dakartza.
Gaur egun nabarmena eta kezkagarria da arretarik eza ikasleen aldetik. Hainbat adituk aztertu izan dute gertakari hau: Marshall Mc Luhanek (askorentzat aro digitaleko profeta izan zenak), adibidez, zapping-aren nagusi gisa definitu izan du teknologia.
Eragina dute horretan, besteak beste, gehiegizko informazio eta kontsumoak, honek ikus- eta soinu-kutsadura dakarrelarik. Ildo beretik eragiten du, baita ere, bizi-erritmo bizkorrak.
Beraz, kontrol-sistemak beharrezkoak dira, gurasoek kontrolpean izan behar dute beraien seme-alaben teknologien erabilpena.
Oso garrantzitsua da zerbitzuetan sortzen den giroa; zer harreman mota sortzen diren. Hezitzaileek gazteei harrera egiteko eran, nerabeekin berba egiteko eran… egiaztatzen dute zerbitzuaren arlo hezitzailea. Beraz, lehenengo eta behin barneratuta izan behar dute nork bere burua behatzeko gaitasuna. Beraien gorputzaz, jarreraz, emozioez, eta pentsamenduaz ohartzeko, eta, bide batez, era egoki batean kudeatzeko ere bai.
Garrantzitsua da adi egotea. Umeen jarreran zerbait arraroa ikusten badugu, hor izan ditzakegu arrasto batzuk; besteak beste, harremanetan sartzeko arazoak, edo harreman gatazkatsuak, edo emozioak erregulatzeko eta kudeatzeko zailtasunak… Jakina, sintoma horiek irauten badute, kezkatu egin gaitezke.
Hezitzaile batek sintoma arraroak ikusten baditu ume edo nerabe batengan, haren familiarekin ipini beharko du harremanetan. Haiek dira haurraren tutoreak eta haiek izan behar dute informazioa. Oso polita izango litzateke eskolako irakasleekin koordinazioa izatea umeen kasu batzuetan, edo koordinazioa izatea udaleko beste eragile batzuekin. Baina hori zaila da, denbora eskasa dugulako.