Atzealdea Gipuzkoako gazteria-arloko profesionalak, Ljubljanako “Digital Youth Work” topaketan
2022/11/15
Esloveniako Ljubljana hirian gazteriaren alorreko profesionalentzako “Digital Youth Work” topaketa egingo da aste honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaketan parte hartu du Wiesbaden (Alemania), Turkia, Israel eta Esloveniareki n. Eta lurraldetik, Aldundiaren Gaztegune+ zerbitzuko ordezkariarekin batera, Ordizia, Zarautz, Bergara eta Arrasateko profesionalak ari dira gazte eta nerabeekin lan egiteko ingurune birtualean dauden aukerak aztertzen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza Gaztematika sarearen barruan Erasmus+ programa bultzatzen. Horri esker, hainbat programa garatzen dira lurraldeko eta Europako beste leku batzuetako haur, nerabe eta gazteekin, bai eta, Digital Youth Work hau bezala, gazteria-arloko profesionalen artean.
Izan ere, lehen Digital Youth Work topaketa Hondarrian egin zen 2017an. Egitasmo horiek oso interesgarriak dira, haur, nerabe eta gazteen sustapeneko profesionalen arteko eztabaida eta hausnarketa ahalbidetzeaz gain, jakintza eta ezagutza partekatzeko, beste kultura/joera batzuk ezagutzeko eta, azken finean, arloan egiten den esku-hartzearen kalitatea hobetzeko aukera ematen dutelako.
Haur, nerabeen eta gazteen artean eremu digitaleko erabilera eta parte-hartzea asko handitu dira azken urteotan, batez ere pandemia ondoren. Izan ere, Covid 19aren ondorioz mugatu egin ziren haur, nerabe eta gazteentzako aurrez aurreko zerbitzuak. Hori zela-eta, hezitzaileak unibertso birtualera egokitu behar izan ziren, eta mugak eta zailtasunak aurkitu arren, lortu zuten moldatzea.
Astebetez, Ljubljanako topaketako parte-hartzaileek beren eremuko lan birtualarekin zerikusia duten hainbat gai landuko dituzte. Ingurune birtualean egiten duten lana partekatuko dute beste lurraldeetako hezitzaileekin; lan hori egitean topatzen dituzten zailtasun eta erronkei buruz eztabaidatu eta hausnartuko dute; eta ingurune birtualean nerabe eta gazteekin erabiltzen diren erreminta hoberenak ezagutuko dituzte.
Gainera, espazio digitaleko tendentzia berriak ezagutuko dituzte, norantz irudikatzen den etorkizun digitala… Eta denbora izango dute, halaber, espazio digitalari zein aurrez aurrekoari zenbat denbora eskaini behar zaien eztabaidatzeko.
Jarraitu gure sareak