Atzealdea The Future Game, Gazteek etorkizuna nola irudikatzen duten jakiteko inkesta

'The Future Game. Bihar zer?' inkesta abiatu berri dute Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen artean prospektiba-ariketa bat egiteko.

2021/10/20


The Future Game ekimenak 'The Future Game. Bihar zer?' inkesta abiatu berri du Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen artean. Egitasmoaren helburua da, 2050. urtea eszenatoki gisa hartuta, etorkizuna nola irudikatzen duten ezagutzea eta erronka berriei modu kolektiboan erantzutea.

DOT kooperatibak (berrikuntza sozialera bideratutako berrikuntza-agentzia), Osoigo Next-ek (gobernantza kolaboratiborako partaidetza-prozesuak sustatzen dituen plataforma) eta Braulio Gómez Deustuko Unibertsitateko irakasleak sustatu dute ekimena, Badalab, EITB eta BBK Kunaren babesarekin.

Munduan eragin positiboa duten konponbideak sortzeko jolas eta plataforma digitala da The Future Game. Egitasmo honen bidez, aldaketa eragin nahi duten gazteek taldean lan egiten dute NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuak oinarri hartuta, eta inguruan eragina duten irtenbideak sortzen dituzte, etorkizuneko aurreikuspena eta gizarte-berrikuntza uztartuz.

Inkesta irekia da eta edozeinek parte har dezake, https://thefuturegame.org/ plataforamaren bitartez. Galdetegia joko moduan planteatuta dago, modu dinamiko eta arinean bete ahal izateko. Gazteen errealitatean eta etorkizunean eragina izango duten funtsezko gaiak landu dira. Adibidez:

  • Nola irudikatzen dugu 2050 urtea?
  • Ikusiko dugu eraldaketarik gure planetan?
  • Zer debekatuko litzateke lehen, haragiaren kontsumoa, prostituzioa edo armak?

Inkesta euskaraz egitea sustatuko da, eta gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez betetzeko aukera ere eskainiko da. Eta abenduaren 19ra bitartean bete ahal izango da, https://2050.thefuturegame.org/ web-orrian.

Aldi berean, EAEn erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko 1.000 gazterekin inkesta itxi bat egingo da, emaitzen errepresentazio zuzena bermatzeko.

Inkesta prozesu baten hasiera izango da. 'The Future Game' ekimenak fase ezberdinak izango ditu, urritik urtarrilera bitartean. Lehen fasean, inkesta zabalduko da, eta bigarrenean, 40 eguneko ikasketa-prozesu ireki bat egongo da, Twitch sare sozialaren bidez, eta 100 gaztek parte hartzeko aukera izango dute, errealitatea interpretatzeko, ikasteko eta etorkizunerako proposamenak lantzeko.

 

 

Jarraitu gure sareak