Atzealdea TREBA Gurasoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren programak, Gipuzkoako 28 udalerritan 74 hitzaldi eta tailerreko egitaraua aurkeztu du
2022/02/02
TREBA Gurasoak prestakuntza proiektu bat da, gurasoei zuzendua, seme-alabekin egiten duten heziketa lanean orientabideak emateko haien garapena hobetzeko asmoz.
Isaac Palenciak, Foru Aldundiko Gazteriako zuzendariak, azaldu duenez «Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza ekimen honen helburua da haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea, gurasoak heziketa gaitasunetan trebatuz.»
TREBA Gurasoak tresna bizkor eta eraginkorra izan nahi du, guraso izateko ezagutza garrantzitsuak transmititzeko lurralde osoan, hainbat eragileren lankidetzaren bidez. Gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoa da. Harreman afektibo osasuntsu, babesle eta egonkorrak sustatzen ditu; errutinetan eta ohituretan egituratutako heziketa ingurune bat sortzen du; estimulazioa, babesa eta ikasteko aukerak eskaintzen ditu; haurren eta nerabeen lorpenak eta gaitasunak aintzatesten ditu, eta laguntza ematen die haien eguneroko bizitzan.
«Urrian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak 12 hitzaldi eta 12 tailerreko katalogo bat eskaini zien udalei, hitzaldi horiek programatzeko interesa duten udalerrietan egin zitezen, gurasoek, guraso-elkarteek, ikastetxeek edo herriko beste hezkuntza-eragile batzuek egiten dizkieten eskaerak hurbilduz, haien kezkan, beharretan edo gaiaren inguruko premian oinarrituta» azaldu du Palenciak.
Sortu zenetik, programak oso harrera ona izan zuen hezkuntzako profesionalen, gurasoen eta udalen aldetik. Abenduan lehenengo epea itxi zen eta lurraldeko 28 udalerritako 74 hitzaldi eta tailer eskaera jaso ziren. Horiek abenduan hasi eta ekainera arte luzatuko den programazio batean integratu dira.
Gehien eskatu diren hitzaldiak gai hauen ingurukoak dira: «Emozioen garrantzia familian» (15 eskaera), «Arauak eta mugak familian» (14 eskaera), eta «Interneteko arriskuak» (10 eskaera).
Lurraldeko udalek programari eta katalogoari buruzko informazio guztia eskura dute Gazteria Zuzendaritzaren webgunean, baita behar duten hitzaldia edo tailerra eskatzeko formularioa ere. Jakina, katalogo honen asmoa da bizia izatea, une bakoitzean sortzen diren premiei aurre egin ahal izateko. Helburu horrekin, web orrian atal bat prestatu dugu, edozeinek ekarpenak egin ahal izan ditzan eskaini beharko liratekeen hitzaldi edo tailerren inguruan.
Gai bakoitza bi formatutan garatu daiteke: hitzaldiak eta tailerrak. Hitzaldiek ordu eta erdi inguru iraungo dute, eta tailerrek, berriz, lau ordu, bi saiotan banatuta. Hitzaldian lantzen dena sakonago garatuko da tailerrean; nolabaiteko jarraipena emanez. Nolanahi ere, jarduera independenteak dira, eta ez da beharrezkoa hitzaldira joatea tailerra egin ahal izateko.
Otsailean hitzaldiak eta tailerrak egingo dira haur eta nerabeen gurasoentzat, lurraldeko hainbat udalerritan.
Orain arte 12 hitzaldi edo tailer antolatu dira, eta otsailean zehar beste 17 aurreikusi dira: Legazpi, Urnieta, Donostia, Elgoibar, Arrasate, Zestoa, Aretxabaleta, Lizartza, Ordizia, Beasain, Soraluze eta Oiartzunen, besteak beste.
Hainbat gai landuko dira: emozioek familian duten garrantzia, kirol-apustuak eta ausazko jokoak, substantzien kontsumoa, komunikazio ez-bortitza, familiako arauak eta mugak, nola landu sexualitatea haur eta nerabeekin, eta Interneten erabilera egokia sustatzeko estrategiak, besteak beste.
Izen emateak jarduera bakoitza programatzen den udalerriko Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuaren bidez egingo dira, eta parte hartzaileentzako kostua doakoa izango da.
Banner honetan, hitzaldien eta tailerren katalogoa kontsulta daiteke:
Informazioa gehiago:
Jarraitu gure sareak