Atzealdea Udalekuak 2022 kanpaina aurkeztu dute

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek 2022ko udalekuetako kanpaina aurkeztu dute gaurko prentsaurrekoan

2022/03/10


Udalekuak 2022

Elkarrekin antolatu dute, aurten ere, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek udalekuetako kanpaina. Gaur aurkeztu dute, Bilbon egindako prentsaurrekoan, eta bertan izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendari Isaac Palencia ere.

Programa honen bidez, askotariko jarduera ludikoak eta hezigarriak eskaintzen zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko haurrei eta gazteei. Uztailaren 1etik 29ra bitartean izango dira udalekuak eta 7 eta 13 urte bitarteko 3.973 haurrek hartuko dute parte bertan; 1.010 plaza eskainiko dira Gipuzkoan, 1.695 Araban eta 1.268 Bizkaian. Plazen % 5, gainera, hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonentzat izango dira. 

Aisialdi hezigarria sustatzea, autonomia eta bizikidetza bultzatzea, ingurune bakoitzeko ohiturak eta kultura-baliabideak ezagutzea edota aisialdiko jardueretako komunikazioetan euskara indartzea dira, besteak beste, udalekuen kanpainaren helburuak.

Guztira, 15 instalaziotan banatuko dira udalekuetako txandak. GFAko Gazteria Zuzendaritzak kudeatutako plazak Orion, Zarautzen, Hondarribian, Arantzan, Bertizen eta Irisarriland-en banatuko dira.

Hizkuntzari dagokionez, 3.688 plaza euskaraz izango dira, eta 285 ele bitan. 7-8 urtekoentzako plaza guztiak euskara hutsekoak izango dira; 9-11 urte dituztenei 2.235 plaza eskainiko zaizkie, horietatik 2.070 euskaraz eta 165 ele bitan; eta azkenik, 12-13 urtekoen kasuan, 1.280 plaza eskainiko dira guztira, horietatik 1.160 euskaraz eta 120 ele bitan.

Gipuzkoan, martxoaren 21etik 29ra bitartean eman beharko da izena zozketan parte hartzeko eta, gehienez ere, hiru parte-hartzaileko taldetan egin ahalko da. Zozketa apirilaren 4ean egingo da, jendaurrean.

 

Kontsultatu informazioa hemen

 

 

 

 

 

Jarraitu gure sareak