Gaztelekuak

 

Gaztelekuak, aisialdia baliatuz, nerabeak herritar gisa prestatzea jomuga duen zerbitzu publiko eta profesionalak dira. Gehienek 12-17 urteko erabiltzaileak dituzte eta Gipuzkoa osoan 50 ekipamendu baino gehiago daude.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udal gaztelekuek sarean egiten dugu lan. Elkarlan horren xedea da gure zerbitzu publikoak aberastea eta hobetzea, nerabeentzako kalitatezko aisialdiaren alde lan eginez.

Zer da gaztelekua? eskuorria

 

Nerabeak bizitzarako trebatzen dituen aisialdiko zerbitzua dira gaztelekuak, euren parte-hartzearekin eta profesional hezitzaileen bide-laguntzarekin eraikiak,  GUZTIENTZAT direnak.

 

Gaztelekuetako hainbat programa:

 

Balio hezigarrietan oinarritutako programa anitz lantzen dira.

Gure ekintza-programa anitza eta zabala da, espazio erreferente baten bidez gauzatzen da, eta lantalde profesional batek elikatzen du. Tailerrak, hitzaldiak, espazioak, irteerak, talde-jolasak, familientzako ekimenak, etab. antolatzen ditugu haur eta nerabeek beren astialdian gozatzeko.


Ekintza-programa hausnarketa-prozesu baten emaitza da; haur eta nerabeen beharrak dira hausnarketa horren oinarria, hau da, beraiek dira protagonistak, eta beren garapen emozional eta soziala, berriz, helburua. Ekimen bakoitzak bilatzen du haiek bizitzarako ahalduntzea, besteak beste, honako giza balio hauek landuz: elkartasuna, elkarlana, autonomia, herritartasuna, errespetua, erantzukizuna, elkarbizitza, tolerantzia…

Bilatu zure herrian!