Haurtxokoak

 

Gipuzkoako haurtxokoak, aisialdia baliatuz, haurrak  herritar gisa prestatzea jomuga duten zerbitzu publiko eta profesionalak dira. Haurtxoko gehienen erabiltzaileak 7-11 urte arteko haurrak dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udal-haurtxokoek sarean egiten dugu lan. Elkarlan horren xedea da gure zerbitzu publikoak aberastea eta hobetzea, haurrentzako kalitatezko aisialdiaren alde lan eginez.

Zer da hautxokoa? eskuorria

Sare gisa, gure erronka nagusiak dira haurrak gizarteari ikusaraztea, alegia dagokien tokia ematea, beraien eskubideak aldarrikatu eta bete daitezen bultzatzea, eta aisiaren bitartez bizitzarako gaitasunak garatzen laguntzea. Horretarako, beraien espazioa eskaintzen diegu, beraien jendearekin gozatu eta beraien mundua eraikitzeko.

 

 

Esperientzia eta bizipen desberdinen bitartez, haurrak elkarbizitzarako trebatzen dira, hainbat balio barneratuz: autonomia, laguntasuna, elkarlana… Haurrak protagonista dira antolatzen diren ekimenetan eta ekintzen programa prestatzean modu aktiboan inplikatzen dira. Hala, eginez gozatzen eta ikasten dute!

Haurtxokoen eskaintzan hezitzaileak bidelagun dira. Zer egin, nola egin, zergatik egin? Haurrek esperientzia aberasgarriak bizitzea da eskaintzen den programaren helburua. Bertan, jarduera ugaritan ondo pasatzeko  eta era askotako jendea ezagutzeko aukera paregabea dute.

Bilatu zure herrian!