Inkesta: Nola ari zara bizitzen itxialdia?

 

Gazteak itxialdia nola bizitzen ari diren jakiteko, apirilean  galdetegi bat luzatu genien; eta  ia 1.000 erantzun jaso ditugu.

 

Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteek itxialdia nola bizi duten eta zer sentitu duten jakiteko, eta bide batez, beraien kezkak, iritziak eta emozioak ezagutzeko  galdetegi bat banatu genuen, GSIA taldeak estatu mailan egindako inkestan oinarrituta.

 

Jasotako erantzunen kopurua handia izan da: 948 gaztek erantzun dute. Horien artean nesken parte-hartzea handiago izan da, zehazki, % 58 emakumeak izan dira. Adinari dagokionez, berriz, orokorrean, 12-14 urte dituztenek gehiago parte hartu dute.

 

Hizkuntzari dagokionez, jasotako erantzun guztietatik, 776 (% 82) euskaraz daude eta 172 (%18) gaztelaniaz. Lortutako oihartzunari buruz esan dezakegu inkesta asko zabaldu dela Gipuzkoan zehar, 53 herritatik iritsi baitira erantzunak.

 

Galdetegiko lehenengo galderaren bidez, haur eta nerabeak eskubidedun subjektu gisa egoeraz duten pertzepzioa neurtu nahi izan da. Erantzun dutenen % 80ek uste du 18 urte baino gutxiagokoek, hau da, adingabeek, beren eskubideak dituztela. Puntu honetan, sexuaren araberako azterketa egiterakoan ikusi da mutilek beren eskubideen pertzepzio altuagoa dutela.

Itxialdiaren erabakiarekiko adostasunari dagokionez, 10-17 urte bitarteko gehienek beharrezkoa ikusten dute: % 88 nahiko edo guztiz ados dago etxean gelditzearekin. Eta adinaren eta sexuaren arabera, ia adin guztietan nesken adostasun maila altuagoa da mutilena baino.

 

Galdetegi honetatik ondorioztatu da haur eta nerabeen kezka handiena familia dela: senideren bat gaixotzea da kezka nagusiena eta, ondoren, aitona-amonen bakardadea. Horrekin batera, familiaren egoera ekonomikoa da haur eta nerabeentzat kezka-iturri nagusia. Eta hemen ere, adin guztietan neskek kezka handiagoa adierazten dute.

 

Txostenaren datu esanguratsuenak INFOGRAFIA honetan jaso ditugu:

 

 

Gazteak eta itxialdia INKESTAREN emaitzen TXOSTENA [PDF]