Gaztematika datuetan (2023)

 

Gaztematika sarearen ibilbidea eta estaldura ezagutzeko, datu esanguratsuenak zehaztu, bildu eta eguneratu ditugu.

Gipuzkoako 88 udalerrietatik 77 dira Gaztematikari atxikita daudenak. Sareak guztientzako jarraibide batzuk adostu ditu haur, nerabe eta gazteen sustapenean foru- eta udal-mailan funtzionatzeko, guztientzat berdinak izango diren erreferentzia-estandar batzuetara hurbiltzeko eta elkarrekin norabide berean lan egiteko. Baliabideak, prozesuak eta emaitzak partekatzen ditugu, baina bakoitzaren autonomia eta eskumenak urritu gabe.

 

Gaztematikako herri-kopurua eta estaldura

Gipuzkoako populazioaren % 28,48 0-29 adin-tartean dago; guztira, 207.682 haur, nerabe eta gazte dira. 0-11 urte bitartekoak 72.978 (% 10) dira, 12-17 urte bitartekoak 46.323 (% 6,35) eta 18-29 urte bitartekoak 88.381 (% 12.12).

Populazioa Portzentzajeak
Gipuzkoako haur, nerabe eta gazteen populazioa 207.682 haur, nerabe eta gazte (0-29 urte)
Gaztematikaren estaldura % 97,14
   

Haur, nerabe eta gazteen sustapenerako inbertsioa

Gaztematika osatzen duten erakundeek haur, nerabe eta gazteen sustapenerako duten aurrekontua bildu eta batu dugu:

  • Guztira 21.503.852€koa izan da HNGen sustapenerako aurrekontua 2023an.
  • Kopuru hori erakunde horien aurrekontu orokorraren %0.88 da.
  • Aurrekontu orokorrean Gipuzkoako haur, nerabe eta gazte bakoitzeko inbertsioa 103,54€ koa da.

 

Haur, nerabe eta gazteen sustapeneko zerbitzuak eta ekipamenduak

Haur, nerabe eta gazteen sustapen-politikak garatzeko tresna nagusia zerbitzuak dira. Gaztematikan hiru adin-tarte ezberdintzen dira, bakoitza bere behar eta ezaugarriekin: haurtzaroa (0-11), nerabezaroa (12-17) eta gaztaroa (18-29).

Horregatik, adin-tarte bakoitzarentzat zerbitzu bat egotea da saretik egiten den proposamena: Haurrentzako sustapen zerbitzua (HZ), Nerabeentzako sustapen zerbitzua (NZ) eta Gazteentzako sustapen zerbitzua (GZ).

Herri txikietan adinkako eskaintza egiteko nahikoa baliabide ez dagoenean, hiru adin-tarteentzako zerbitzu bakarra egon daiteke haur, nerabe eta gazteen parte-hartzearen sustapenean oinarrituta (PSZ).

Zerbitzu horien eskaintza 152 ekipamenduetatik bideratzen da: 65 haurren eskaintzarako erabiltzen dira, 67 nerabeekin lan egiteko, eta 20 gazteentzako dira.


 

Zerbitzuetako erabiltzaileak

Gaztematikako zerbitzuetako eskaintzan astero 7.563 pertsona inguruk parte hartzen du. Horietatik 3.711 haurrak dira, adin horretako biztanleriaren % 9; eta 3.852 nerabeak, populazioaren % 9 kasu honetan ere.

Haurtzaroan neskek mutilek baino gehiago erabiltzen dute zerbitzua, eta nerabezaroan, berriz, kontrakoa da joera: mutilak gehiago dira nerabeen zerbitzuetan.

Zerbitzuak erabiltzen dituzten haur eta nerabeei balorazioa egiteko eskatzen zaie, eta orokorrean oso ondo baloratzen dute eskaintzen zaien zerbitzua. 2023an 8,4koa izan da haurrek zein nerabeek emandako balorazioa.

 

Udalekuetan izandako parte-hartzea

2023an, guztira, 15.617 haur eta nerabek parte hartu zuten udalekuetan. Gaztematikako ia herri guztietan antolatzen da udan haurrentzako aisialdiko eskaintza publikoa. 71 herrik eta Aldundiak antolatutako udalekuetan 12.939 haurrek parte hartu zuten, guztien %25ek. Nerabeentzako udako aisialdi-eskaintzan, berriz, 2.678 pertsonak parte hartu zuten.

Gaztematikako profesionalak

Gaztematika sareko profesionalek honako profilak dituzte:

  • Hezitzailea: Gizarte eta hezkuntza mailako lana eginez, zuzenean haur, nerabe eta gazteekin aritzen den profesionala da.
  • Informatzaile-orientatzailea: Gazteentzako informazioa bildu, sailkatu, zabaldu eta dinamizatzen du, eta gazteei laguntzen, aholkatzen eta orientatzen die eduki horiek erabiltzeko orduan.
  • Suspertzailea: Herri txikietan bere gain hartzen ditu teknikariaren zereginak eta, aldi berean, haur, nerabe eta gazteekin zuzeneko gizarte eta hezkuntza mailako esku-hartzeak egiten ditu.
  • Haur, nerabe eta gazteen sustapen-teknikaria: Haur, nerabe eta gazteen sustapen-politikez arduratzen da maila teknikoan.

Guztira, 358 profesional ari dira lanean HNGen sustapeneko sarean. Hezitzaileek osatzen dute talde handiena, 239 dira. Informatzaileena berriz talde txikiena da, 8 besterik ez daude. Gaztematikako lau profesionaletik hiru emakumezkoak dira.

 

TREBA

Gazteria Zuzendaritzak antolatutako prestakuntza-eskaintza da. 4 arlo ditu: TREBA profesionalak, TREBA gazteak, TREBA gurasoak eta HITZegiten.  Haur eta gazteen lan-eremuan dihardutenek tresnak behar dituzte beren esku-hartzearen bitartez haien beharrei dimentsio pertsonal, sozial zein kulturalean erantzuteko. Eta baliabide horiez hornitzen laguntzea da prestakuntza osagarriko eskaintza honen helburua.

Honako hauek dira 2022-2023 ikasturteko datuak: Guztira, 2.839 pertsonak parte hartu zuten; 251 prestakuntza-ordu eskaini ziren; eta 8,55 izan da emandako balorazio orokorra.

 

Eskaintza zabalena gurasoentzako Trebarena da: guztira, 2.493 pertsonak parte hartu zuten 2022-2023 ikasturtean antolatutako saio ezberdinetan. Ondoren, hezitzaileentzako prestakuntzak bildu zituen parte-hartzaile gehien, 137; gero, gazteentzako prestakuntza dator 119 parte-hartzailerekin; atzetik, teknikarientzako eskaintza 56 partaiderekin; eta, azkenik, HITZegiten programa 34 parte-hartzailerekin.