Gaztematika datuetan (2022)

 

Gaztematika sarearen ibilbidea eta estaldura ezagutzeko, datu esanguratsuenak zehaztu, bildu eta eguneratu ditugu.

Gipuzkoako 88 udalerrietatik 76 dira sareari atxikita daudenak. Sareak guztientzako jarraibide batzuk adostu ditu, haur, nerabe eta gazteen sustapenean foru- eta udal-mailan funtzionatzeko, guztientzat berdinak izango diren erreferentzia-estandar batzuetara hurbiltzeko eta elkarrekin norabide berean lan egiteko. Baliabideak, prozesuak eta emaitzak partekatzen ditugu, baina bakoitzaren autonomia eta eskumenak urritu gabe.

 

Gaztematikako herri-kopurua eta estaldura

2021eko datuen arabera, Gaztematika sarean dauden herrietan Gipuzkoako ia populazio guztia bizi da, zehazki % 97,04. Biztanleriaren % 28,39 0-30 adin-tartean dago; guztira, 206.182 haur, nerabe eta gazte dira. 0-11 urte bitartekoak 77.289 (% 10,65) dira, 12-17 urte bitartekoak 45.071 (% 6,21) eta 18-30 urte bitartekoak 83.822 (% 11,55).

Populazioa Portzentzajeak
Gaztematikaren estaldura % 97,04
Gaztematikako haur, nerabe eta gazteen populazio-indizea % 28,39
   

Udal hauek, guztira, 230 ekipamendu eta zerbitzu baino gehiago dituzte haur, nerabe eta gazteei buruzko politikak lantzeko. Behean zehaztuko dira zer motatakoak diren. Guztira, 300 profesional baino gehiagok osatzen dute Gaztematika sarea, udal-teknikari, hezitzaile, koordinatzaile, suspertzaile eta bestelako eragileen artean.

 

Zerbitzu eta ekipamenduen kopurua

Haur, nerabe eta gazteen sustapeneko zerbitzu-kopurua

2022an HNGen sustapeneko 78 zerbitzu zeuden Gaztematikan, aurreko urtean baino 3 gutxiago. Orokorrean kopuruak gutxi mugitu diren arren, azken urtean gazteen zerbitzuek behera egiten jarraitzen dute.

 

Haur, nerabe eta gazteen sustapeneko ekipamenduak

Gipuzkoa osoan haurrentzako, nerabeentzako eta gazteentzako zerbitzuak daude indarrean. Zerbitzua izateak bermatzen du udalerri horretako gazteria-arlotik haur, nerabe eta gazteentzako politikak lantzen direla. Zerbitzu horietako batzuek haur eta nerabeekin esku-hartze zuzena egiteko ekipamenduak dituzte: haurtxokoak (12 urte arteko erabiltzaileentzat) eta gaztelekuak (13-17 urtekoentzat). HNGen sustapeneko ekipamenduak ere, zerbitzuak bezala, 2021ean baino gutxiago ziren, zehazki 152, lau gutxiago.

 

Zerbitzuetako erabiltzaileak

Ikasturtean zehar, haur eta nerabeei iritzia galdetzen zaie jasotako zerbitzuari buruz. Aste batean Haurrentzako zerbitzua erabili dutenak 2.935 dira eta Nerabeentzako zerbitzua erabili dutenak 3.296. Nerabeek oso ondo baloratzen dute haien herriko eskaintza: 8,3. Sexuaren aldetik nahiko orekatua dago erabilpena.

 

Udalekuetan izandako parte-hartzea

Guztira, 12.460 haurrek parte hartu zuten udalekuetan, eta 2.448 nerabek. Orotara, 14.908 pertsona izan ziren. Bi adin-tarteetan nesken parte-hartzea zertxobait altuagoa izan zen.

 

Gaztematikako profesionalak

Gaztematika sareko profesionalek honako profilak dituzte:

  • Hezitzailea: Gizarte eta hezkuntza mailako lana eginez, zuzenean haur, nerabe eta gazteekin aritzen den profesionala da.
  • Informatzaile-orientatzailea: Gazteentzako informazio bildu, sailkatu, zabaldu eta dinamizatzen du, eta gazteei laguntzen, aholkatzen eta orientatzen die eduki horiek erabiltzeko orduan.
  • Suspertzailea: Herri txikietan bere gain hartzen ditu teknikariaren zereginak eta, aldi berean, haur, nerabe eta gazteekin zuzeneko gizarte eta hezkuntza mailako esku-hartzeak egiten ditu.
  • Haur, nerabe eta gazteen sustapen-teknikaria: Haur, nerabe eta gazteen sustapen-politikez arduratzen da maila teknikoan.

2022an, guztira, 349 profesionalek lan egin zuten Gaztematika sarean, horietatik 93k teknikari-lanetan. Emakumeen kopurua oso altua da (265), langileen % 76.

 

TREBA

Gazteria Zuzendaritzak antolatutako prestakuntza-eskaintza da. 4 arlo ditu: TREBA profesionalak, TREBA gazteak, TREBA gurasoak eta HITZegiten.  Haur eta gazteen lan-eremuan dihardutenek tresnak behar dituzte beren esku-hartzearen bitartez haien beharrei dimentsio pertsonal, sozial zein kulturalean erantzuteko. Eta baliabide horiez hornitzen laguntzea da prestakuntza osagarriko eskaintza honen helburua.

Eskaintza zabalena gurasoentzako Trebarena da: guztira 1.435 pertsonak parte hartu zuten 2022an antolatutako saio ezberdinetan. 2021-2022 ikasturtea lehenengoa izan zenez, ezin dugu alderaketarik egin. Ondoren, hezitzaileentzako prestakuntzak bildu zituen da parte-hartzaile gehien, 212; gero, HITZegiten dator 169 parte-hartzailerekin; atzetik, teknikarientzako eskaintza 86 partaiderekin; eta, azkenik, TREBAgazteak 58 parte-hartzailerekin.

Honako hauek 2021-2022 ikasturteko datuak dira:

 

Haur, nerabe eta gazteen sustapenerako inbertsioa

Gaztematika osatzen duten erakundeek haur, nerabe eta gazteen sustapenerako duten aurrekontua bildu eta batu dugu:

2022an Gaztematikako haurren, nerabeen eta gazteen sustapeneko aurrekontua 19.526.109 €koa izan zen. 2021. urtekoarekin alderatuta, 1.684.014€ igo da aurrekontua. Nahiz eta kopuru orokorra nabarmen handiagoa izan, aurrekontu orokorrarekiko pisua antzekoa izan zen: 0,86. Eta pertsona bakoitzeko inbertsioa 91,78€koa izan zen.