Profesionalen errolda (2022)

 

Gipuzkoako foru- eta udal-administrazioetan, haur, nerabe eta gazteen sustapenerako 78 zerbitzu daude eta urte osoan zehar arloan lan egiten duten 358 profesional. Txosten honetan sektoreko profesionalen errolda aztertu da, kolektiboa dimentsionatu eta hobeto ezagutzeko (kontratuak, lanaldiak, hizkuntza-eskakizuna, etab.).

Dituzten ardura eta funtzioen arabera, lau azpi-talde identifikatu dira: hezitzaile eta begiraleak; suspertzaileak; gazteria edo HNGen sustapen teknikariak; bestelako langile tekniko eta administratiboak.

 

 

Foru eta udal administrazioetan, eta hauen ardurapeko zerbitzuetan, urte osoan haur, nerabe eta gazteen sustapenean lan egiten duten 358 profesional daude. 73 udalerritan banatzen dira langileak eta, oro har, beren banaketa geografikoak bat egiten du Gipuzkoako biztanleria osoarenarekin. 

 

 

 

Hezitzaile eta begiraleak

Haurtxoko eta gaztelekuetan haur eta nerabeekin lan egiten duten 239 hezitzaile daude. Zazpi administrazioko langileak dira, udalek kontratatuak alegia, eta gainerakoak administrazioaren zerbitzuak kudeatzen dituzten elkarte edo enpresetako langileak. Batez besteko adina 31 urtekoa da eta antzinatasuna sei urtekoa. Hala ere, talde hau heterogeneoa da; badira lanpostuan 20 urtetik gora daramaten zortzi hezitzaile, baina baita hiru urtetik beherako esperientzia duen multzo handi bat ere.

 

 

Suspertzaileak

Aldi berean gazteria-teknikarien eta hezitzaileen lanak egiten dituen profesionala da suspertzailea. Bederatzi dira halako figura duten udalerriak (1.500-2.500 biztanlekoak). Batez besteko adina 34 urtekoa da baina erdiek 26 urte edo gutxiago dituzte. Taldea heterogeneoa da; batetik, suspertzaile figura sortu zenean zerbitzu eredu hori martxan jarri zuten herrietan ari direnak daude (13 urteko antzinatasuna, batez beste), eta bestetik, azken urteetan zerbitzua abiatu duten herrietakoak (1,5 urte).

 

 

Haur, nerabe eta gazteen sustapen-teknikariak

Lurraldeko haur, nerabe eta gazteen beharrak ezagutu eta politika publikoen bidez erantzuteko ardura teknikoa duten 89 langile daude; 68 udaletan eta 21 Foru Aldundian. Haur eta nerabeei hezkuntza ez-formalean eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoen ardura ere beren gain dute. Batez beste 49 urte dituzte teknikariek. 41 langilek dute gazteria-gaietarako arduraldi osoa edo ia osoa (% 80 edo <); Foru Aldundian eta udaletan ari dira lanean, erdi eta erdi. Gipuzkoako hamar udal handienetatik seik dute arduraldi osoko gazteria-teknikaria; Donostia, Irun, Zarautz, Arrasate, Hernani eta Tolosak.

 

 

Beste langile tekniko eta administratiboak

Udaletan, HNGen sustapen-teknikariekin batera gazteria-gaietan lan egiten duten beste 21 langile ere badira: administrariak eta informatzaileak. Profesional hauen % 62 administrazioko langile edo funtzionarioa da, eta % 38 zerbitzuak kudeatzen dituzten elkarte edo enpresetako langilea. Batez besteko adina 45 urtekoa da eta erdiek 47 urte edo gehiago dituzte. Hiri handietan badira arduraldi osoz HNGen sustapenean aritzen diren administrariak (7), baina beste batzuk administrari bakarrak dira eta udalaren kudeaketa orokorraz arduratzen dira (4).