Haur, nerabe eta gazteekin garapen jasangarria lantzen

 

Inor atzean utzi gabe! Haurren, nerabeen eta gazteen ongizatearen alde

Haur, nerabe eta gazteek beren orainaren eta etorkizunaren protagonista izan behar dute. Horretarako, erakundeetatik trebatzeko eta garatzeko aukerak eta ingurune egokiak eskaini behar dizkiegu beraien ongizatea bermatzeko.

Ildo horretan, garapen Jasangarrirako Hezkuntzak haurrak, nerabeak eta gazteak zaindu behar ditu eta:

  • Haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak babestu.
  • Haurrek, nerabeek eta gazteek komunitatean parte hartzea sustatu.
  • Haur eta nerabeen nortasunaren eta gaitasunen garapen osoa bermatu.
  • Haurrentzako eta nerabeentzako ingurune seguruak, babestuak eta erreferentziazko figurak dituztenak sortu.
  • Aukerak eskaini, desparekotasunak murriztuz.
  • Genero-berdintasunarekiko konpromisoaren alde lan egin.
  • Haur, nerabe eta gazteekin adimen emozionala landu, behar bereziak dituztenak ahaztu gabe.
  • Kultura-aniztasuna sustatu eta euskara erdigunean jarri.
  • Teknologia-aroaren ondorioei heldu eta arrakala digitala murriztu.

 

Gazteak aldaketa-eragile. Haurrak, nerabeak eta gazteak ahalduntzen

Etorkizun jasangarri baterako funtsezko aldaketak gutako bakoitzarekin hasten dira. Horretarako, ausardia eta kemena behar dira aldatu eta beste modu batean bizitzeko. Eraldaketa-prozesu hori hasten da errealitatearen kontzientzia hartzean eta errealitatearen azterketa kritikoa egitean; eta baita ere kontsumo-gizarteei alternatiba bat eskaini diezaioketen balio berriak sustatuz, hala nola justizia eta elkartasuna.

Gure erronka da eraldaketa sozial, ekonomiko, ekologiko eta inklusiboaren helburuak lortzea, eta hori nerabeekin eta gazteekin egitea, haien bidez egitea. Horretarako, ezinbesteko baldintza da jardueren plangintzan eta garapenean haiek parte-hartze aktiboa izatea, baita kontzientzia komunitarioa sortzeko orduan ere.

 

Komunitate erresilienteak: Covid-19 osteko agertokiak

Gaur egungo gazteak eta hurrengo belaunaldikoak dira garapen ez jasangarriaren ondorioei aurre egitera behartuta egongo direnak; beren orainaldia eta etorkizuna daude jokoan.

Komunitate erresilienteak sortu behar ditugu, sozialki kohesionatuak, ongi informatuak, osasungarriak eta aukerak sortzen dituztenak. Aurrera egin behar dugu genero eta jatorri guztietako pertsonen arteko lankidetza, elkartasuna eta inklusioa lotzeko bidean.

Era berean, Covid-19ak haur, nerabe eta gazteei eragindako ondorio sozial, ekonomiko eta osasun-arlokoei erantzuteko erronkari ere egin behar diogu aurre; horiexek dira, hain zuzen ere, pandemia horrek gehien kaltetu zituenetakoak, eta halaxe izaten jarraituko dute luzaroan.

 

Ekiteko garaia da!

Zer egin dezakegu munduaren eta planetaren jasangarritasun-krisiari aurre egiteko, norbanako eta kolektibo gisa dugun erantzukizunaren aldetik? Haurrak, nerabeak eta gazteak ekitera eta parte hartzera bideratutako ikaskuntza eraldatzailean murgildu ditzakegu, bai sozialki, bai emozionalki.

  • Mundu, herrialde, lurralde nahiz tokiko gaiei buruzko ezagutza, ulermena eta pentsamendu kritikoa eskuratuz.
  • Gizateria komun bateko kide izateaz jabetuz, balioak eta erantzukizunak partekatuz, desberdintasunekiko eta aniztasunarekiko enpatia, elkartasuna eta errespetua sentituz, eta nork bere gain etorkizunarekiko erantzukizuna hartuz.
  • Herri, nazio eta mundu mailan bake eta jasangarritasun handiagoak lortzeko modu eraginkor eta arduratsuan jokatuz.

 

   Ekin diezaiogun bada!