Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Jasangarritasunaren bidean

 

Jasangarritasunerako bidean

 

Haur, nerabe eta gazteak Garapen Jasangarrirako Helburuen erdigunean

Jasangarritasunaren erdigunean haurrak, nerabeak eta gazteak daude. Ezinbestekoa da kolektibo horiek garapen jasangarriari eragiten dioten prozesuen maila guztietan aktiboki parte hartzea; izan ere, horrek eragina du haien egungo bizitzan, eta ondorioak ditu haien etorkizunerako. Horretarako, beharrezkoa da haur, nerabe eta gazteen ahotsa politika publikoetan sartzea, eta beren beharrak agerian jartzea. 

 

Haur, nerabe eta gazteen sustapenaren arloan geure egin ditugu Garapen Jasangarrirako Helburuak eta, Gaztematika sarera ekarrita, honako jomugak markatu ditugu kolektibo horientzat:

 

Irudia hemen deskargatu dezakezu pdf formatuan

Aplikazio habiaratuak

Garapen Jasangarrirako Hezkuntza

Argi dago garapen jasangarriaren abiapuntua hezkuntza dela, eta munduak inoiz baino gehiago behar duela garapen jasangarrirako. Adin guztietako pertsonak prestatu behar dira gaurko eta biharko erronkei irtenbidea emateko, erabaki arrazoituak hartzeko eta banaka eta taldean gure gizarteen eta gure planetaren alde jarduteko. Hori horrela, Unescok Garapen Jasangarrirako Hezkuntzaren Marko berria (2020-2030) prestatu du.

Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeko funtsezko bideratzailea izateaz gain, Garapen Jasangarrirako Hezkuntzak zuzenean laguntzen du 4. helburua, hezkuntza inklusibo eta kalitatezkoari buruzkoa, lortzen eta, bereziki, 4.7 azpi-helburua.

2030erako, ikasle guztiek garapen jasangarria sustatzeko behar diren ezagutza teoriko eta praktikoak lor ditzaten bermatzea, besteak beste, honako hauen bidez: garapen iraunkorrerako hezkuntza eta bizimodu iraunkorrak hartzea, giza eskubideak, genero-berdintasuna, bake-kultura eta indarkeriarik eza sustatzea, munduko herritartasuna eta kultura-aniztasuna eta kulturak garapen jasangarriari egiten dion ekarpena baloratzea.

(Iturria: Nazio Batuak, 2015)

 

Garapen Jasangarrirako Hezkuntzak gizartea eraldatu nahi du, hezkuntza berriz bideratuz, pertsonei beren pentsaera aldatu eta egungo nahiz etorkizuneko belaunaldientzako garapen jasangarriaren alde egiteko behar dituzten ezagutzak, gaitasunak, balioak eta portaerak emanez. Horretarako, jasangarritasunaren hiru esparruak hartzen ditu (ingurumena, gizartea eta ekonomia), eta kulturara ere zabaltzen da. Eta marko berriaren Ibilbide-orriak (UNESCO 2020) dioenaren arabera, Garapen Jasangarrirako Hezkuntzak bost eremutan indartuko ditu bere jarduerak:

 

  • Politikak sustatzea
  • Ikaskuntza-inguruneen eraldaketa
  • Hezitzaileen gaitasunak indartzea
  • Gazteak ahalduntzea eta mobilizatzea
  • Tokiko ekintzak bizkortzea

 

Beraz, Gaztematika sareak bost eremu horietan kokatuko du hezkuntza ez-formaleko bere esku-hartzea.