Errespetatuz gozatu

 

Haurtzaroko, nerabezaroko eta gaztaroko egoeraren edo prozesuaren bizipena ez da familian kudeatzen den arazo pribatu bat bakarrik; aitzitik, jendarte osoaren ardura dira. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzen du horien erantzukizun publikoa, hau da, haur, nerabe eta gazteen sustapena.

Horretarako, haur, nerabe eta gazteen eskura jartzen ditu, besteak beste, hurbiltasuna, laguntza, ikaskuntza, garapena, erreferentziazko harreman onuragarriak etab.. Hori da sustatzea, guztiek beren bizi-proiektu pertsonala garatzeko aukera eta eskubide berdinak izan ditzaten lagundu eta beharrezkoak diren baliabideak jartzea.

Ildo horretan egiteko garrantzitsua du, jakina, etxean eta eskolan jasotzen denak. Baina gure arloaren bitarteko nagusia hezkuntza ez-formala da. Adin horietan erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzte eta guk aukera eraginkorrak eman eta baliabide nahikoaz hornitu behar ditugu: aisia hezitzaileaz baliatzen gara beren ibilbidean aurrera egiteko behar dituzten oinarrizko gaitasunak garatzen laguntzeko, eta gizarte bidezkoago baterako bidean oinarrizko balioak barneratzeko.

Horregatik, ezinbesteko tresnak dira lurralde osoan zabalduta dauden zerbitzuak (Haurtxokoak, Gaztelekuak eta Gazteguneak), ekipamendu batean irudikatzen baditugu ere, hori baino gehiago direnak: atzean profesionalen taldeak daude, ondo pentsatutako plangintzak lantzen dituztenak, beren jarduerak, ekintzak eta esku-hartzeak gure haur, nerabe eta gazteen beharretara egokitzeko.

Argi dugu, pertsonok bizitza osoa ematen dugula ikasten, baina oinarri sendoak haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan jarri behar ditugu.

 

Sexualitatea guztion dimentsio garrantzitsu bat da, geure buruarekin dugun harremanean, baina baita gure kideengan eta testuinguruan ere eragin zuzena duena ere. Sexualitatea ardatz garrantzitsua da, bizi-proiektu pertsonaletan bezala, arlo sozialean ere bai. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroan oinarri sendoak lantzea plazerean, errespetuan eta ongizatean oinarritutako sexualitatea garatzeko. Eta hori horrela, gaia lantzeko ardatzak, zutabeak eta baliabideak eskaini nahi ditugu.